Emakumeek jasaten duten indarkeria estetikoaren eta elikadura-nahasmenduak detektatzeko gakoak eskaintzea helburu duen hitzaldi programa bat jarri dute martxan Irungo Parean Elkarteak eta Hondarribiko Elikaeskolak.
‘Presio estetikoaren eragina osasun fisiko eta mentalean’ ekimena martxoaren 11n hasiko da ‘Indarkeria estetikoa eta lodifobia’ saioarekin eta, ekainera arte, hilabete bakoitzeko bigarren astearteetan egingo da: ‘Elikadura-nahasmenduak nola detektatu’ (apirilak 8), ‘Gorputz perfektua: osasuna ala negozioa? Presio estetikoaren eragina’(maiatzak 13) eta ‘Dieta eta pisu ideala, zer da elikadura osasuntsua?’ (ekainak 10). Hitzaldi guztiak Irungo Palmera Montero Gunean egingo dira, 18.30ean.
Joera kezkagarriak
Hitzaldi programa hau Eli Gallego, Garazi Lizarraga eta Jone Larrañaga Elikaeskolako arduradunen eskutik sortu zen. Izan ere, 2020an nutrizioa eta psikoterapia uztartuz, elikadura portaeraren nahasmenduak eta patologia digestiboak tratatzeko helburuarekin sortu zuten zentro honetan kezkagarriak diren egoera asko bizi izan dituztela adierazi dute.
Gainera, beraiek ikusitakoaz harago, Osakidetzak 2017an argitaratu zituen datuen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko adingabeen %11,1ak obesitatea zuen, 2006ko datuen bikoitza, eta %12,6ak gainpisua. Bestalde, Save The Children-en inkesta baten arabera, pandemiak egoera hau nabarmen okertu du.
Hala ere, nutrizionistek esan dutenez, gehien kezkatzen diena ez dira datuak, baizik eta erakundeen erantzuna. “Urte hauetan egoera honi aurre egiteko zenbait estrategia jarri dira martxan, horien artean 2017an Osakidetzak sortutako ‘SANO' estrategia. Denak elikadura eta ariketa fisikoan zentratzen dira. Estadistikek aspaldi argi utzi dute, ordea, obesitatea ez dela horren sinplea eta ez dela konpontzen gutxiago janda eta gehiago mugituta, edo ez behintzat horri bakarrik garrantzia emanez”, azaldu dute. Horri eustea “arduragabekeria" dela nabarmendu dute.
Azken baieztapen hori indartzeko, zenbait datu aurkeztu dituzte, hala nola 2021ean elikadura-portaeren nahasmenduengatiko lehen kontsultak %72,8 igo zirela eta 2022an %82,76. "Hori da benetan kezkatzen gaituena", esan dute.
Elikadura ohituretan eragiten duen presioa
Hitzaldien antolatzaileen iritziz, obesitatea eta elikadura-nahasmenduak arazo bereizi gisa tratatu ohi dira, baina sarri elkarri lotuta doaz. “Gaur egun, dieta egitea normalizatuta dago, baita elikagai baimendu eta debekatuak bereiztea, otorduak konpentsatzea, besteen gorputzei buruzko komentarioak egitea eta etengabeko presio estetikoa ere. Horrek guztiak kalte nabarmena eragiten dio osasunari”, gaineratu dute.
Ildo horretan, azpimarratu dute hitzaldien helburua gizartea kontzientziatzea dela. "Guk oso barneratuta dauden sinesmen asko ditugu, eta horiek etorkizuneko belaunaldiei negatiboki eragiten diete. Horregatik, oso garrantzitsua da gu geu konturatzea zer pentsatu edo esan behar ez dugun, gure seme-alabengan berriro errepika ez daitezen".
Azkenik, azaldu dute doako hitzaldi hauek sarrera librea izango dutela, eta euskaraz egingo direla, baina gaztelaniazko testu-laguntza ere eskainiko dela pantaila batean.