Aniztasun handia izaten den lekuetan ez da erraza izaten arreta deitzea. Musika munduari dagokionez, helburu hori are zailagoa da gaur egun. Baina, hala ere, oraindik badira gauzak desberdin edo beste era batera egiten saiatzen direnak. Zerbait berezia sortzeko helburu horretan, ikertzaile lanean oso ondo moldatzen dira Mikel Arriaran 'Tunixi', Aritz Ormazabal 'Orma', Iosu Isaias Villanueva 'Isuo', Jon Murua 'Kezman' eta Paxkal Irigoien 'Fifita'. Guztiek batera Txost taldea eratzen dute eta atera berri duten beraien bigarren diskoarekin taldekideen gustu eta sentsibilitate desberdintasunak Euri-ura izeneko lan batean bateratu dituzte.
"Bakoitza mundu ezberdinetatik dator, musikalki gure esperientziak edo erreferentziak eta maniak dauzkagu, baina elkarguneak lortzen duena da, bakoitzaren zatitxo bat hartu, nahastu eta Txost-en musika talde horren berezia bihurtzea", Aritz Ormazabalen hitzetan. Berak baxua eta ahotsa jartzen du boskotearen barruan. Bigarren lan honetan estreinako diskoan hasitako bideari jarraipena eman nahi izan diote, baina tresna, giro eta kolore berriekin zipriztinduz. Basabereen zintzarriak, txindatak edo tren batek tunel batean sortzen duen soinua ere erabili dute kantei ukitu berezi eta propioa emateko. Gauza horien guztien "klabea edo elkartze puntua Txost da".
Bigarren disko hau medio gutxirekin eratu behar izan dute, baina gabeziak ondo konpentsatu dituzte beraien talentu eta taldekide berri baten laguntzarekin. "Paxkal Irigoien batu dugu. Aspalditik laguna dugu eta lehen ere kolaboratu izan du gurekin. Poliki-poliki taldean sartzen joan zen eta talentu handia daukanez, ez zaio asko kostatu moldatzea". Beraiek grabatu dute guztia, "gure medio urriekin, gure materialarekin eta lagunek utzi digutenarekin". Alde horretatik grabaketa "esperientzia desberdina" izan dela uste du Ormazabalek. "Lana eman digu, baina oso sinpleki grabatu dugu. Esperientzia desberdina izan da, ez dut esango hobea edo txarragoa, baina bai aberasgarriagoa. Gehiago ikasi dugu".
ESPERIMENTAZIOA
Soinuekin esperimentatzea da taldekideek duten helburuetako bat, baina ez zuzenean, baizik eta lokalean. "Gauza desberdinak probatzen ditugu ez asper-tzeko eta baita gustatzen zaigulako ere. Musika entzuten dugunean beti bilatzen dugu zerbait ezberdina". Kanta batean zintzarriak erabiltzearena, adibidez. Mikel Arriaran Tunixi bateria jolearen aportazioa izan zen merkatu batean erosi ondoren. "Piano baten nota beltzak bezalakoak dira. Lokalean geneuzkan eta hori erabiliz abesti bat egiten ahalegindu ginen" kontatu du baxu-joleak. "Ahotsekin, bakarrekin egin nahi genuen beste abesti bat eta hori baliatu genuen rock mundutik pixka bat aldentzeko".
Jendearen onarpena orain arte ona izan da, "pila bat gustatu zaie". Beste abesti bat artalde batean grabatu zuten. "Beran (Nafarroa), behor batzuen artean grabatu genuen eta Zintz kantan zintzarri batzuk entzuten dira, baina behienak, animaliak sasi artean baitzeuden. Saiatu ginen esperimentatzen, inguruko soinua diskoaren parte izatea nahi genuelako". Entseatzen duten tokitik hurbil pasatzen den trenaren zarata ere sartu dute. Trenbidearen azpiko tunelean grabatu zuten kanta bertako soinua eta egiten zuen erreberberazioa bilatuz. "Soinu natural bat lortu nahi genuen eta kasualitatez egin genituen tomen artean trena gainetik pasatu zen. Hori utzi egin genuen, anbientea diskoaren parte izateko", Ormazabalek.
DISKO FISIKOA
Azken detaile bezala, disko fisikoari ere bere garrantzia eman nahi izan diote, ukitu berezi bat emanez. "Zerbait mimoarekin egin nahi genuen disko fisikoarekin, bestela albo batera geratzen da. Jendeak esan digu oso polita dagoela, letrak eskuz idatziak daudelako eta kanten zerrenda banan-banan kopiatuta daude ale bakoitzean", azaldu du Ormazabalek. Izenburua eta diskoa bakoitza desberdina da, azken finean. "Horrek plus bat ematen dio diskoari, baina horrekin ez dugu lortuko euskarri fisikoa zabaltzea, nahiz eta saiakera egin dugun". Txost taldea entzun nahi duenak ez du aukera handirik aurkituko Youtube edo Spotify bezalako plataformetan; "guk ez dugu hori nahi, ez zaigu gustatzen. Interneten plataforma erraldoi horiek ez ditugu erabiltzen, gure kantak ez daude hor". Beraz, beraien musika zabaltzeko modu bakarra beste talde batzuekin partekatzen duten web orria da: Mukuru.eus.
Azaldutako guztia zuzenean ikusi eta bizi nahi duenak, Durangoko Azoka hastera itxaron beharko du datorren abenduan, bertan emango baitute beraien hurrengo kontzertua. Ormazabalek dioen bezala, "hainbat talde gaude panorama musikalean eta denen tartean leku bat egitea zaila da. Baina uste dugu egiten duguna nahiko berezia dela, ohikotik kanpo dagoela eta baten bateri gustatuko zaiola".