Actualidad

Iñigo Ramírez de la Piscina: “Bertoko erdaldun askok ez dute kanpoan jaiotakoen ilusioa”

Erronda kaleko Bira espazioan ospatu zuten atzo Euskaraldiaren “ez amaiera ekitaldia”, dio Iñigo Ramírez de la Piscinak euskaltegi irakasleak
Iñigo Ramírez de la Piscina, AEK-ko Euskaltegiko Irakaslea

‘Ez amaiera’ ekitaldia?

Euskaraldiak denboran mugatua den kontu bat da, baina bizi eta hizkuntza ohiturak aldatzea du helburu urte osoari begira.

Ze garrantzia daukate Euskaraldia bezalako ekimenek?

Batetik, oso lagungarri da identifikaziorako: hemendik aurrera, denok jakiteko norekin egin ahal dugun euskaraz eta non egin ahal dugun euskaraz, nahiz eta txapa edo identifikagarririk ez egon. Eta bestetik, oso mesedegarria izaten da herri eta auzoetako euskara batzordeak eta herri mugimenduak eta indartzeko.

Gaur, nork ikasten du euskara?

Euskaltegietan bi perfil nagusi azpimarratu ahal ditugu: motibazio instrumentala daukan ikaslea eta motibazio emozionala daukana. Lehena titulu baten bila dator, lan aukera batzuetarako sarbidea izateko, eta motibazio emozionala daukana da batez ere umeekin hitzegin nahi duen hori, kanpotik etorri eta integratu nahi duena, euskaldun sentitzen dena baina euskara jakin ez kontraesana konpontzeko datorrena…

Jarreraren aldetik, ezberdintasunak nabaritzen dira?

Bai. Motibazio instrumentala daukan jendea euren bizitzan ez dute hainbesteko ahalegina ikasitako hizkuntza hori erabili edo inguruan zabaltzeko. Bigarren ikasleak, bai, jende gehiago egiten du euskaraz kalean eta arlo pertsonalean. Ikasitakoa benetan gero praktikan jartzeko eta euskaraz bizitzeko gogoa batez ere bigarren perfil horrek dauka.

Perfil berriak sartu dira?

Zerotik hasten diren ikasleak jada nekez dira Euskal Herrian jaioak; B ereduan matrikulazioak eragina izan du horretan eta duela hamarkada bat ez zen gertatzen. Eskolatik pasata, gutxinez A2 mailatik aurrera matrikulatuko da. A1 eta zero mailan daukagun jendea munduko beste edozein lekuan jaioak dira: Estatutik etorritakoa (Salamanka, Katalunia...) baita Hego Amerika eta Erdi Amerikan jaiotako jende asko eta asko.

Zergatik ikasten dute azken hauek?

Oso motibazio sanoa dauka, bereziki, perfil honek; gehienek gure kultura zerbait erakargarri bezala ikusten dute eta parte izan nahi lukete. Bertoko erdaldun askok ez dute erakusten pertsona hauek duten ilusioa.

Euskara ikasi ikasten da baina, zer falta da kalean erabilia izateko?

“Jendeak daki” horretan tranpa dago: B eredutik pasatutako jendeak euskaraz daki baina ibilbide osoa egin dezake apenas euskaraz hitz egin barik. 18 urtetara helduta jakin badakite baina ez dute erraztasunik eta erraztasuna daukaten hizkuntzara joko dute, naturala denez. Hori faktore bat da. Beste bat beharra da; gaur egun euskararik gabe lasai asko bizi daiteke hemen baina gaztelaniarik gabe, ez. Biak dira ofizialak, baina ez da egia parekoak direnik.

Nola konpondu?

Neure ustez, eta uste pertsonala da, euskara hutsezko instituzioak gara-tzen hasi beharko genuke eta euskalduntzea dohakoa izan behar luke. Egia da gaindituz gero, dirua itzultzen zaiela baina horretarako gainditu behar da eta diru hori aurreratu, eta familia askok, tamalez, ezin dute ahalegin hori egin. Arlo publikoan lan egiteko, perfilak eskatu baino, gaitasuna eskatu beharko litzateke. Nik B2 titulua euki dezaket, ez dakit noiz lortuta, ordutik inoiz euskaraz ez egin eta gaur egun ez naiz kapaza benetan euskarazko arreta emateko. Ezberdintasun hori egin beharko zen, batez ere hizkuntza arlo, profesional horiek eredu izango dira eta oso tentuz ibili beharko dugu; euskaraz bizi behar du, ez bakarrik titulua izan.

Zu nola hasi zinen euskaraz hitz egiten?

Gasteizen jaioa, 80ko hamarkadan, familian, inguruan eta kuadrilan dana zen erdera. Lehen kontaktua udaleku batzuetan eduki nuen, 12 urterekin. Erdaldunak eta euskaldunak nahastu gintuzten eta niri ume euskaldun haien jokaera, umorea edo ibiltzeko modua gehiago erakarri ninduen. Udalekua amaitu eta erabakia nuen jada neure burua euskaldunko nuela inoiz. 16 urterekin AEKan sartu nintzen eta hortik aurrera, nire aukera guztiak euskara barne hartu dute: karrera egiterakoan euskaraz matrikulatu, jende berria ezagutu eta beti ere euskaldunak bilatu, euskarazko kultura kontsumitu…

Eta zergaitik euskara irakaslea?

Euskaltegietako giroa oso polita iruditzen zait eta nik jasotakoa emateko gogoa sentitu nuen.

Lana baina zerbait gehiago al da?

Argi eta garbi, bizimodu bat da, jarrera soziala eta Euskal Herria euskalduntzeko ahaleginean tresna eraginkorra erabiltzea.

04/12/2022