Bizkaia

Insömniaren ‘Barne Mundua’

Pandemia garaian sortu zen talde durangarraren proiektu berria, abenduaren 1an kaleratu zen l ‘Argia gara’ abestiak 10.000 erreprodukzio baino gehiago jaso ditu astebete baino gutxiagoan
Imsömniaren disko berria formato fisikoan erosteko aukera izango da gaur arte Durangoko Azokan.

Insömnia talde durangarrak disko berria kaleratu berri du eta Durangoko Azoka musika proiektu hau ezagutzeko aukera paregabea da. Izan ere, Oier Palomo, Amaiur Azkarate, Olga Costa eta Oier de Pedroren Insömnia edo lo eza Musikaren plazan kokaturik izango da Azokak gaur ateak itxiki arte. Egun hauetan guztietan taldeko kideak ilusioz eta gogotsu egon dira bisitari guztiei Barne Mundua albuma, aurkeztu eta entzuteko gonbidapena luzatzeko aukera izatearekin. “Lan berri honetan hainbat estiloko abestiak batu ditugu. Hala ere, gure soinu propioa garatzen jarraitzen dugu abesti bakoitzean eta gure barnean dugun mundua azaleratzen dugu diska honetan”, aurreratu zuten Durangoko Azokako Musikaren plazan duten 26. erakusmahaitik.

Joan den abenduaren 1ean kaleratu zen durangarren bigarren diskoa plataforma digital guztietan eta formatu fisikoko hainbat ale salgai daude azokan. “Jendearen feedbacka izatea da guretzat motibagarriena. Ez bakarrik gure lagun eta senideen laguntza jasotzea, baizik eta bisitari ezberdinen berotasuna jasotzea ere eta Durangoko Azokak hori posible egiten du. Aurreko edizioan autoekoizleen standean egon ginen, baina aurten gure stand propioa izatea erabaki dugu ikusgarritasun handiagoa izateko eta bertan egongo gara egunero”, azaldu zuten.

Azokak gaur ateak itxiko dituen arren, abenduaren 7tik Landako Gunea euskal kulturaren plaza eta sortzaileen erakusleiho bilakatu da eta Insömniaren kasuan oraindik hasi berria den talde baten lana ezagutzeko aukera posible egin du. Talde durangarra pandemia garaian sortu zen, Amaiur Azkarate (abeslaria eta konpositorea) eta Oier Palomo (gitarra eta produktorea) gazteak indarrak batzea erabaki zutenean. Amaiurrek sare sozialetan argitalpen bat igo zuen pianoa eta gitarra jotzen zuen norbait aurkitzeko eta Oier Palomok erantzun zion eta Itzuliko gara baladarekin ezagutzera eman ziren, osasun krisian galdu genuen normaltasuna berreskuratzeko itxaropen mezu argia zuen abesti hunkigarri batekin. Beranduago, Olga Costa durangarra (teklista) eta Oier de Pedro urduliztarra (bateria) batu ziren eta harrezkero, “talde barneko harremana askoz estuagoa da eta horregatik abesti landuagoak ditugu”, azaldu zuten.

Barne Mundua disko berriaren lehen singlea Argiak gara da eta abesti honen bideoklipak astebete baino gutxiagoan 10.000 erreprodukzio baino gehiago izan ditu YouTuben, eta Spotify plataforma digitaletan ere hilean 506 entzule ditu taldeak. Lan berri honek izan duen harreragatik kexatu ezinik, ikusgarritasun gehiago izateko beste hainbat merchandising produktu ere kaleratzera ausartu dira, jertseak edo kamisetak esaterako. “Pixkanaka webgune berri bat sortzen ari gara gure produktuen eskaera guztiak hobeto kudeatu ahal izateko, baina ordura arte sare sozialen bidez jasoko ditugu eskaerak”.

Etorkizun oparoarekin eta musikarekiko maitasuna motore hartuta “abesti berriak sortzen ari gara beste proiektu bat kaleratzeko hurrengo hilabeteetan zehar. Oso talde geldiezina gara eta etengabean konposatzen aritzen gara”, laburbildu zuten lau musikariek.

12/12/2022