Buscar
Gipuzkoa

Iparragirreren katalogoa aurkeztuko dute asteartean Urretxun

Udalak denen eskura jarri du, urretxu.eus webgunean
Jose Mari Iparragirreren estatua, bere abizena daraman Urretxuko plazan.
Jose Mari Iparragirreren estatua, bere abizena daraman Urretxuko plazan.

Adriana Hernandezek Iparragirre 2020 katalogoa aurkeztuko du datorren asteartean, 18.30ean, Urretxuko Aizpurunea kultur etxean. Hernandez historialaria da eta bera arduratu da online katalogoa egiteaz. Bertan, Iparragirreri buruzko dokumentu guztiak jaso dira. Astearteko ekitaldian Iparragirreren errepertorioari buruz ere hitz egingo du.

2020an, Jose Mari Iparragirreren jaiotzaren bigarren mendeurrena zela eta, Urretxuko Udalak tresna bat sortu nahi izan zuen, bertakoei eta kanpotarrei bardo unibertsalaren figura eta obra ezagutzera emateko. Urretxuko liburutegiko fondoak eta pertsonaiari buruzko erreferentziak izan ziren abiapuntua.

Inbentarioa zerrenda bat baino zerbait gehiago izatea zen helburua, eta edukia formatu erabilgarri eta interaktibo batean aurkezteko asmoz, Iparragirre 2020 online katalogoa sortu zen. Katalogoa udalaren webgunean kontsulta daiteke, baina pandemiaren ondorioz, ezin izan zuten formalki jendaurrean aurkeztu. Astearteko ekitaldia baliatuko dute horretarako.

Galderak

Hitzaldian, Hernandezek katalogazio prozesuari eta Iparragirreren irudiari eta bere garran-tziari buruz hitz egingo du. Iparragirreren kantuak erabiliko ditu pertsonaiara hurbiltzeko. Hainbat galdera erantzuten saiatuko da: zergatik da hain zaila bere errepertorioaren zerrenda zehatza egitea?, bere letrak kantuak ala poemak al dira?, zergatik daude pieza beraren hainbeste bertsio?, zer da legitimoagoa, jatorrizko bertsioan abestea ala egungo euskarara egokitutakoan kantatzea?, zergatik daude bere melodia batzuen egiletza eztabaidatzen duten egileak?

Aurkezpenean, katalogoak Iparragirreri buruzko iturri klasikoetara eta ez hain ezagunetara jotzeko ematen dituen aukerak erakutsiko ditu. Inbentarioa zabaltzeko eta eduki digitalak txertatzeko prozesuan egin dituzten aurkikuntzen berri ere emango du.

Helburua jakin-mina piztea eta horren ezagunak ez diren Iparragirreren alderdiak ezagutzera ematea da. Hernandez venezolarra da eta 15 urte daramatza Euskal Herrian bizitzen. Urretxuko Udalaren webguneaz arduratzen den enpresan lan egiten du eta historialaria delako proposatu zioten katalogoaz arduratzea. Ez zuen Iparragirre ezagutzen eta oso pertsonaia interesgarria iruditu zaio.

2023-03-10T03:46:03+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo