Ipuin eta ilustrazio lehiaketa abiatu du Elkar argitaletxeak 14. urtez, gazteen artean irakurzaletasuna eta euskararen erabilera bultzatzeko asmoz. Aurten, Edu Zelaietak eta Txabi Arnalek idatzitako Hiru lehoi ipuina irakurri eta ilustratu beharko dute txikienek. Koxkorragoek, berriz, Alai Zubimendik sortutako ilustrazioan oinarritu beharko dute beraiek sortutako ipuina.
Lehiaketa 4 eta 16 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago eta, adinaren arabera, hiru kategoria bereiztu dituzte. Gazteenek, HH 4tik LH 4ra, ilustrazio bat egin beharko dute; LH 5 eta DBH 2 artekoek, ilustrazio bat ipuin bilakatuko dute; eta DBH 3 eta 4. mailakoek, azkenik, komikia edo bineta sortu beharko dute.
Komiki ala binetaren atalean, Euskal pertsonaia baten biografia edota bizitzako pasarte bat izango dute ardatz, gazteek, beraien lanak sortzeko. Parte hartuko duten haur eta gazteei zuzendutako sari ederrez gain, ikastetxeei eskainitako sari bereziak izango ditugu aurten ere. Alde batetik, Laboral Kutxak bi ikasgelarentzat saria emango du; bestetik, Irrien Lagunen Klubak ikuskizun batekin sarituko du ikastetxe parte-hartzaileetako bat.
Ipuinak, ilustrazioak eta komiki ala binetak aurkezteko apirilaren 13a bitarteko epea egongo da.