Datorren astelehenean Liburutegien Nazioarteko Eguna da eta hori ospatzeko egitarau berezia prestatu du Azpeitiko Udal Liburutegiak, beti ere, hilabete honetan bertan martxan jarri duen eta haurren artean irakurtzeko zaletasuna sustatzea helburu duen XXXIII. Ipuin Kontaketen egitasmoaren baitan.
Hori dela eta, hiru ipuin kontalari ezberdinen saioak izango dira datorren astean Enparan dorretxean kokatuta dagoen liburutegian.
Adin ezberdinetarako emanaldiak
Ipuin kontaketa berezi hauen aurreneko saioa astelehenean bertan egingo da, ipuin kontalari gisa eskarmentu handia duen Ixabel Agirresaroberen eskutik.
Emanaldi hori LH1 eta LH2 mailetako haurrei zuzenduta egongo da.
Hurrengo egunean, hilaren 25ean, bigarren ipuin kontaketa egingo da. Saio hori Haur Hezkuntzako 4. mailako neska-mutilentzat izango da eta ipuin kontalari lanetan Anduriña Zurutuza arituko da.
Azkenik, Lupe Lekuona ipuin kontalari ezagunaren txanda izango da datorren asteazkenean. Honek HH5 mailako haurrentzako saioa eskainiko du.
Azpeitiko Udal Liburutegiak jakinarazi du datorren asteko ipuin kontaketa guztiak 17.30ean hasiko direla, eta bertaratzeko ezinbestekoa izango dela aurrez izena ematea.
Saioetara gerturatzeko interesa duten haurrek bihar arte eman dezakete izena, liburutegian bertan, 943 157 195 telefono zenbakira deituz edo 688 815 506 telefono zenbakira whatsapp mezua bidaliz.