Buscar
Cultura

Iragana eta orainaren arteko muga lausoa

Monica Ortuzar artistak 'Etorkizuneko horizontea' erakusketa aurkeztu du Bilboko La Taller galerian. Urtarrilaren 20ra arte egongo da ikusgai
Abendu hasieran Maite Ortuzarren erakusketaren inaugurazio ekitaldia ospatu zuten La Taller galerian.
Abendu hasieran Maite Ortuzarren erakusketaren inaugurazio ekitaldia ospatu zuten La Taller galerian.

'Etorkizuneko horizontea'. Hala deitu dio Monica Ortuzar (Bilbo, 1964) artistak sortu berri duen obrari. Kolore biziek eta forma geometrikoez osatutako irudiek eraikitzen dute erakusketa, eta serie baten bigarren atala da. Lehenengoa, 'Orainaldiko horizontea', 2021eko maiatzean aurkeztu zuen, SVT Arte espazioan, Vigon. "Izenburuek denbora-antolamendu bati erreferentzia egiten dietela dirudi, baina obra bakoitza independentea da, batez ere eduki tematikoak dituelako", azaldu du Ortuzarrek. Hala ere, gai orokor bat dute komunean: Historiaurrea.

Historiaurrea du aztergai margolariak azkeneko serie honetan. Betidanik interesa piztu dion gaia izan da, eta pintzelaren bidez islatu du. "Historiaurrea da gure herentziarik zuzenena", adierazi du. "Antropologikoki gizaki gisa" eraikitzen gaituenarekiko interes horrek bultzatuta, 2021ean hasi zen margotzen Ortuzar eta seriearen lehenengo atala sortu zuen. Bertan, tximinoen, txinpantzeen eta orangutanen irudiak egin zituen, gehienbat. Lehenengo atalean, animalien irudiak landu zituen, animaliok, guregandik hurbilago edo urrunago, antzekotasun ugari dituztelako.

Oraingo erakusketan, giza aztarnategi arkeologikoak landu ditu, batez ere. Horrez gain, animalia batzuk ageri dira margolanetan. Bi erakusketetan horizontea berdina dela adierazi du artistak: "Gure arbasoek DNAtik haratago eraikitzen gaituzte, kulturalki partekatzen ditugun xehetasunengatik, batez ere; izan ere, txinpantze edo neandertal baten eta gaur egun gizaki gisa uler dezakegunaren artean distantzia oso txikia dago". Kulturalki elkarbanatzen dugun guztiak horizonte berdina konpartitzera garamatzala azaldu du: "Gu, oraina, historiaurrearen eta etorkizunaren arteko beste maila bat besterik ez da".

Bilboko La Taller galerian dago ikusgai erakusketa. Ez da oso espazio handia eta eskailera batzuk jaitsiz iristen da bisitaria gelara: "Daukagun espazio guztiarekin jolastu dugu, eta txoko guztiak erabili ditugu, beraz, nahiko beteta dago". Argiztapenari dagokionez, argi gutxi erabiltzea erabaki dute: "Oso koadro koloretsuak dira, beraz, argi gutxirekin hobe ikusiko zirela pentsatu dugu".

Kolore indartsuak

Historia liburuetatik eta entziklopedietatik irudiak aztertu eta paperean islatu ditu artistak. Diptiko eta triptikoak dira koadro guztiak, hau da, binaka eta hirunaka antolatuta daude, familiaka. Pastela erabili du Ortuzarrek koadroak egiteko: "Kolore potentzia handia ematen duen marka alemaniar bat erabili dut: Schmincke. Lehenik, zerotik arkatzez marraztuta daude, eta, gero, eremuka beteta, forma geometrikoak balira bezala". Hala ere, "koadro bakoitza desberdina" dela eta ez dagoela denentzako forma berdina dio artistak.

Serieka lan egitea gustatzen zaio artista bilbotarrari. Gaiak landu, baina sakon. Bakoitzak duen konplexutasuna ulertu eta dagokion denbora eskainiz. 2010ean Autorretratos deituriko lanarekin hasi zen, eta 11 urtez ibili da serie hori lantzen. Ispiluaren aurrean jarri eta haren irudia aztertuz marrazkiak sortu zituen. Seriearen lehenengo atala urtebetez egunero pieza bat marraztuz egin zuen. Marrazki guztiak arkatzez soilik eginak dira, arkatza paperetik oso gutxitan aireraziz, eta borragoma erabili gabe.

Erakusketako koadro guztiak familiaka daude antolatuta.

Erakusketako koadro guztiak familiaka daude antolatuta. La Taller

Eskultura eta pinturaz mintzatzean, paperaren erosotasuna nabarmendu du: "Papera, orain egiten dudana, oso erosoa da garraiatzeko, erabiltzeko, eta gordetzeko. Eskulturak leku asko hartzen du". Gainera, historiaurreko gaiari buruz hitz egiteko papera interesatzen zaiola azaldu du: "Oso delikatua da, eta, aldi berean, nahiko gogorra; hori interesatzen zitzaidan historiaurreari buruz hitz egiteko".

Ibilbide emankorra

Ortuzarrek Arte Ederretako ikasketak egin zituen Euskal Herriko Unibertsitatean, eta 1987. urtean lizentziatu zen. 1993an Joseph Beuys-en dialektikaren inguruko tesia egin zuen. Ordutik, irakaslea da Pontevedrako Arte Ederretako fakultatean. Bere ibilbide artistikoa eskulturari lotuta hasi zen, eta bakarkako zein taldeko erakusketa ugari egin ditu. 1986an, adibidez, Arthletic erakusketan parte hartu zuen. 1988an Gure Artea eskulturaren bigarren saria eskuratu zuen. Eskulturaz gain, pintura eta marrazketa erakusketak egin ditu ere, bai estatu mailan bai nazioarte mailan ere. Nazioartean, Autorretratos lana aurkeztu zuen: 2013an Alemanian, Koloniako Quartieram Hafen-en, eta 2015ean Portugalen, Bragako Museo da Silva-n. Egun, PRACE Vigoko unibertsitatearen ikerketa taldea koordinatzen du. PRACE taldearekin Provisionalidad Permanente erakusketa sortu zuen 2019an, Pontevedran.

2022-12-13T18:30:04+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo