Navarra

Iraganetik etorkizun burujaberantz

Txoko desberdinetatik hurbildutako ehunka lagunek parte hartu zuten atzo Nafarroa Berriz Altxa ekimenak antolatutako Amaiuraldian.

amaiur/elizondo Nafarroa Berriz Altxa ekimenak antolatutako Amaiuraldian ehunka lagunek hartu zuten parte atzo, Amaiur eta Elizondo artean, besta eta aldarrikapena uztartuz

Iaz jarri zen martxan Nafarroa Berriz Altxa ekimena. Subiranotasuna helburu, duela 500 urte Nafarroak bere lurra berreskuratzeko egindako ahalegina gogoan. Iaz Noaingo bataila bezala, atzo Amaiurren 1522an nafarrek beren erresumaren alde egindako borroka gogoratu zuten.

Ehunka lagun hurbildu ziren Amaiurrera goizean, eta gazteluan egin zuten ekitaldi nagusia. Amaiurko Gaztelu Taldeak Amaiur zintzo eta leiala interpretatu ondotik, Gipuzkoa, Araba, Ipar Euskal Herria eta Nafarroako ordezkari banak hartu zuten hitza, hala nola, Nafarroa Berriz Altxa ekimeneko ordezkariek, Amagoia Susperregi eta Joseba Compainsek.

Amaiurko gazteluaren defentsan egindako ahalegina gogora ekarri zuten, baita, 400 urte geroago ere, 1922an eraikitako monolitoa ere, zeina 1931 lehertu ondotik, 1982an berriz ere eraiki zuten, zeinak gaur den eguneraino zutik dirauen.

Ordukoa ez omen zen nostalgia ariketa bat izan, "oroimen saio horrek iraganeko zauriak sendatzea ahalbidetu nahi zuen eta indarra eman zion nafar eta euskal askatasunen aldeko borrokari"

Amaiuraldia ere bide horretan antolatu dute, "oroimena eta askatasun grina elkarturik daudela aldarrikatzeko", eta argi erran zuten, "elkarrekin eta aske bizi nahi dugu XXI. mendeko euskal herritarrok, pertsona libreak herri libre batean".

Ekitaldi nagusiaren ondotik, Nafarroako ikurrak eskuan, Arizkunera, Ordokira oinezko martxa bat egin zuten eta handik Elizondora mugitu ziren denak.

Iriarte pilotalekuan 250 lagun elkartu ziren herri bazkarian. Gero, Baztango Madame Birrots taldearen musika goxoarekin gozatzeko kantaldia izan zen, eta jardunaldia borobiltzeko Trikidantz taldearekin erromeria. Gainera, haurrek ere beren xokoa izan zuten Irrien Lagunak gidatutako gunean. l

07/06/2022