Irailaren 11 izango da 'Bilboko Erraldoiak' erakusketa ikusgai egongo den azkenengo eguna. Orain arte Euskal Museoan egon da, baina museoa berrikuntza integraleko prozesuan dagoenez, Mariaren Bihotza Plazako Aztarnategia izango da erakusketaren egonleku berria.
Hala jakinarazi dute gaur goizean erakusketa aurkeztu duten Itziar Urtasun Lankidetza, Bizikidetza eta Jaietako Zinegotziak eta Sorkunde Aiarza Bilboko Euskal Museoko, Berreginen Museoko eta Mariaren Bihotzaren Plazako aztarnategiko Zuzendariak
Oraingo honetan, euskal kulturaren ezaugarri diren 1980 eta 1988ko belaunaldietako pertsonaia ezagun horiek geldirik ikusiko ahal izango dira hainbat metroko sakoneran, bisitan etorri gura dutenen begiradak asetzeko. Uztailaren 1etik irailaren 11ra egongo dira bertan.
Bisitariek Hiribilduan berrogei urte baino gehiago daramatzaten pertsonaia ospetsu horien testuinguru historikoa bere lekuan jarri ahal izateko, Bilboko Udalak kontakizuna indartu egingo du, beste behin ere, informazio-panelen bidez. “Bilboko Erraldoiak” erakusketak euskal folklorearen parte garrantzitsua hurbiltzen eta partekatzen du urtez urte. Guztira, 1980ko belaunaldiko 10 erraldoik eta 1988ko belaunaldiko 6 erraldoik osatzen dute urteetan zehar uda garaian Bizkaiko hiriburuan bisitatuenetakoa bihurtu den erakusketa.
Erakusketa bisitatu gura dutenak Mariaren Bihotzaren Plazako Aztarnategira hurbildu ahal izango dira ostiral honetatik, uztailaren 1etik, irailaren 11ra arte.
- Uztailaren 17ra arte, ordutegia 10:00etatik 13:30era eta 16:00etatik 19:00etara izango da.
- Uztailaren 18tik irailaren 11ra arte, goizez bakarrik bisitatu ahal izango da, 10:00etatik 14:00etara eta asteartetik igandera.
- Sarrerek Berreginen Museoaren ohiko prezioa izango dute, eta bertan erosi ahal izango dira, San Frantzisko 14an, edo Aztarnategian, Mirasol kondea 2an. Erakusketarako sarrerarekin museora ere sartu ahal izango da, eta alderantziz. Prezio orokorra 3 eurokoa izango da eta taldeentzat 1,5 eurokoa. Pentsiodunak, dibertsitate funtzionala dutenak, 12 urtetik beherakoak edo/eta irakasleak doan sartu ahal izango dira.
ERRALDOIEKIN EGINGO DIREN JARDUERAK
Erakusketa ez da izango Bilboko Erraldoi eta Buruhandiekin erlazionatutako jarduera bakarra:
- “Erraldoien dantza”. Hiribilduak, uztaileko ostiraletan hartuko du jarduera hori, Ondalan konpartsaren eskutik, uztailaren 8, 15, 22 eta 29an, hain zuzen ere, 11:30ean. Dantzaz gain, txapak egiteko tailerra eta Erraldoiak koloreztatzeko beste bat izango dira 7 eta 13 urte bitarteko umeentzat. Topagunea Mariaren Bihotzaren Plazako Aztarnategia izango da eta ez da aldez aurretik izena eman beharrik izango.
- Tailerra: “Egin zure erraldoia”. Uztaileko eta abuztuko ostegun guztietan, Bilbok “Egin zure Erraldoia” tailerra hartuko du. 6 eta 10 urte bitarteko umeei zuzendutako jarduera uztailaren 7an hasi eta abuztuaren 18ra arte luzatuko da. Eguneko 15 plaza eskainiko dira eta parte hartzeko prezioa euro batekoa izango da. Euren Erraldoia egin gura dutenek Berreginen Museoaren webgunean eman beharko dute izena.
ASTE NAGUSIAN
Aste Nagusian erakusketa egun eta ordu hauetan bisitatu ahal izango da:
- Lehenengo asteburuan, abuztuaren 20an eta 21ean, 10:00etatik 14:00etara.
- Eta abuztuaren 22tik, astelehena, 27ra, larunbata, (Ostiral Handia barne) 10:00etatik 13:30era eta 16:00etatik 19:00etara bisitatu ahal izango da.
- Igandeetan, 10:00etatik 13:30era bisitatu ahal izango da.
Gainera, Aste Nagusian, Erraldoi eta Buruhandien segizioa egunero irtengo da Bilboko Euskal Museotik, Bizkaiko Dantzarien Biltzarreko dantzari eta musikariek gidatutako kalejira egiteko.