Buscar
Gipuzkoa

Irakurzaletasuna lantzeko bideari ekin diote Ormaiztegin

Ordizian ere martxan da Irakule Taldea, Irati Goikoetxeak gidatzen duena
Ormaiztegiko helduen irakurle taldea ikasturte berriko lehenengo saioan. | ARGAZKIA: ORMAIZTEGIKO UDALA
Ormaiztegiko helduen irakurle taldea ikasturte berriko lehenengo saioan. | ARGAZKIA: ORMAIZTEGIKO UDALA

Dagoeneko abian dira Ormaiztegiko Irakurle Taldeak. Bi dira: bata helduena, eta bestea, gaztetxoena.

Helduen Irakurle Taldeak pasa den irailaren 27an ekin zion ikasturteari. Gaztelerazko Nada se opone a la noche liburua, hau da, Delphine du Vigan idazleak idatzitako autobiografia, landu zuten lehenengo saioan. Izan ere, gaztelerazko saioetan liburu autobiografikoak irakurri eta horien inguruko solasaldiak egingo dituzte. Gaztelerazko saio hauek Monica Leivak gidatuko ditu, ohi bezala.

Aurreko urteetan bezala, saioetan hizkuntza txandatuko da, ahalik eta pertsona gehienek parte hartu eta disfrutatu dezaten. Beraz, gaztelerazko irakurketa baten ondoren, euskarazko bat landuko da; dinamika hori erabiliko da ikasturte osoan zehar.

Honela, hurrengo saioan euskarazko Mari-mutil handi baten bluesa landuko dute irakurleek, Leslie Feinbergek idatzia eta euskarara Fermin Zabaltzak itzulia. Urriaren 25ean izango da euskarazko aurtengo lehen saioa. Azken urtean egindako moduan, euskarazko saioak Miriam Lukik dinamizatuko ditu.

Saio guztiak, gazteleraz zein euskaraz, astearteeetan, arratsaldeko 18.00etatik aurrera izango dira, Ormaiztegiko udal liburutegian.

Bestalde, lehen lerroetan aipatu bezala, gaztetxoen Ikurle Taldea ere badago, eta abian da dagoeneko. Pasa den ikasturteko azken irakurketa atzeratu beharra izan zuten, eta, Alaine Agirreren ANE liburua landuko dute urriaren 20an.

Gaztetxoen saioak larunbatetan izango dira, eguerdiko 12.30ean, udal liburutegian bertan. Hauek, beste behin, Alaine Agirrek gidatuko ditu.

Hurrengo saioa azaroaren 12an izango da; idazle beraren Kamisoi zuri zetazkoa liburua izango dute hizpide.

Irakurle Taldeetan parte hartu nahi dutenek ez dute zertan aldez aurretik izena aman. Aukera dago ere taldearen dinamika ezagutzako tertuliara hurbiltzea.

Irakurleei irakurketa errazteko asmoz, Irakurle Taldeetan landuko diren ale batzuk eskuratuko ditu Ormaiztegiko liburutegiak.

Ordizia

Ordiziako Irakurle Taldeak abiatu du ere ikasturte berria. Oihane Amantegiren Ibaiertzeko ipuina izan zuten solasgai lehen saioan, irailaren 22an. Datorren saioan, berriz, Bertol Arrietak idatzitako Gezurra berdaderoa liburua landuko dute, dagoeneko liburutegian eskuragai dagoena. Aurten ere Irati Goikoetxea dabil dinamizazio lanetan.

2022-10-12T05:57:06+02:00
En directo
Onda Vasca En Directo