Iritsi da egun handia. Iruñeko Nafarroa Arena bertsoaren bertsoaren handienean bilakatu da gaur, egun osoan zehar ospatuko den Bertsolari Txapelkea Nagusiko final handiaren eskutik. Gaur aretoa lepo bete duten 13.000 zaleetako asko atzo bertaratu ziren jada nafar hiriburura, eta gaur ez diote hitzorduari hutsik egin. Arratsaldeko azken orduan jakingo da nor den pandemiak eragindako halabeharrezko geldialdiaren ondorioz urtebete beranduago ospatu den txapelketaren edizio honetako txapelduna. Artean, zortzi finalistek euren hoberena erakutsi beharko dute oholtzan, akaso azken urteetako finalik irekiena izango den honetan, faborito argirik edo, hobe esanda, inoiz baino faborito gehien dituen heinean. Aitor Mendiluze, Alaia Martin, Amets Arzallus, Beñat Gaztelumendi, Joanes Illarregi, Maialen Lujanbio, Nerea Ibarzabal eta Sustrai Colina. Zortzi buru, egun Lujanbioren eskuetan dagoen txapelarentzat.
Gaurko saioak badauka berezi egiten duten hainbat osagarri: lehenengo aldia da nafar hiriburuan ospatuko dela, lehenengoa oholtza gainean hiru emakume izanen dituena, lehena finalisten artean nafar bat daukana. Ateak goizeko 9:00etan ireki badira ere, 7:30etik dagoeneko jende taldetxoak bazeuden Arenako inguruetan, antolakuntza lanetan laguntzen ari diren 350 laguntzaile bolondresetako batek Nafarroa Arenaren atarian aipatu bezala. Zaleen artean, zirrara eta ezinegona nabarmena izan da lehen unetik.
Hala ere, antolakuntza bikainari esker, jende pilaketarik ez da gertatu eta lasai, estualdirik gabe sartu ahal izan dira zaleak Arenako harmailetan eta pistan lekua hartzera. Eserlekuak betetzen joan bitartean bertsolariei hauspoa eta babesa erakustera bideratutako pankartak agertuz joan dira harmailetako balkoietan: “Zu zarelako gaur adibide, bizitzan dena dela posible. Egurra, Joanes!”, “Morez jantzi duzu pista, eskerrik asko Alaia, gora bertsogintza feminista”, “Bukatu gabeko herri huntan, ametsak egia bihurtu”...
Arratsaldeko azken orduan jantziko dio txapela Iñaki Muruak nagusituko den bertsolariari. Artean, finalistek egun osorako aurreikusitako ariketak bete beharko dituzte. Goizean zehar, bost ariketa: zortziko handian, zortziko txikian, banaka puntua emanda, sei puntuko motzean eta ganbarako lana. Arratsaldean, aldiz, hamarreko txikian, zortziko txikian eta banaka arituko dira zortziak. Orduan jakingo da zein bi bertsolari pasako diren buruz burukora. Bi hauek lau ariketa osatu beharko dituzte: binaka, Iparragirre abila dela doinuan eta zortziko txikian gero; eta banaka, hitza gaitzat emanda bederatziko txikian eta neurri eta doinu librean, bukatzeko. Abian da, beraz, bertsoaren besta.