Cultura

Iritsi da Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa

Gaur Getxon hasiko den txapelketaren 18. edizioak Iruñea izango du helmuga, abenduaren 18an.
Amets Arzallus bertsolaria, Bilboko BEC-en 2013an ospatutako Txapelketa Nagusiko finalean.

Prest dago oholtza, prest aulkiak. Iritsi da momentua. Bost urteko tartearen ondoren, azkenik hemen dago Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiaren 18. edizioa, eta gogobiziz dator gainera. Getxon abiatuko da bertso lehia gaur bertan eta, lehenengoz txapelketa abiatu zenetik, Iruñeko Nafarroa Arenako eszenatokia izanen du helmuga, abenduaren 18an. Tartean, euskararen herri osoa zeharkatuko du, ohi duen bezala, bertsoa lau haizetara zabalduz. Denetara 42 bertsolarik hartuko dute parte aurtengo edizioan. Horiekin batera, 14 lagunek osatuko dute gai-jartzaile taldea eta 21 arituko dira epaile lanetan.

Urratsez urrats, txapelketaren fase bakoitzan bere onena eman beharko dute bertsolariek azken oholtzara iristeko. Sei saio izango dira lehen fasean: gaur hasita, bina saio jokatuko dira astebururo. Zazpi finalaurreko izango dira jarraian: asteburuko saio bat jokatuko da, larunbatero, zehazki. Eta azkenik, abenduaren 18an finala izango da. Gainon-tzeko saioak Arrasaten, Gotaine-Irabarnen, Gasteizen, Donostian, Lizarran, Elizondon, Donibane Garazin, Irunen, Durangon, Amurrion, Baionan eta Bilbon ospatuko dira.

42 bertsolari, 14 saio

Duela hilabete batzuk txapelketaren aurkezpenean azpimarratu zen bezala, bertsolariak “gogotsu” daude oholtzara igotzeko. Lehenengo fasean 36 bertsolari izango dira kantuan: 2 Arabatik, 10 Bizkaitik, 16 Gipuzkoatik, 5 Nafarroatik eta 3 Xilabatik sailkatuak. Horietatik 19 igaroko dira finalaurrekoetara, eta bertan aurreko edizioko 5 finalistarekin eginen dute topo: Unai Agirre, Amets Arzallus, Sustrai Colina, Beñat Gaztelumendi eta Aitor Mendiluze. Aitor Sarriegik eta Igor Elor-tzak uko egin diote txapelketa kantatzeari, eta aurrekoan finalean aritu zirenez, ez da inor sartuko euren ordez.

Bi itzuli izanen ditu finalaurreko faseak: lau finalaurreko lehenengoan eta hiru bigarrenean. Bi saioetako puntuazioak gehitu eta lehenengo itzulian puntu gutxien lortu duten sei bertsolariek ez dute aurrera egingo. Taldeak aldatu egingo dira lehenengo itzulitik bigarrenera. Finalean, azkenik, zortzi bertsolari arituko dira kantuan: egungo txapeldun Maialen Lujanbio eta finalaurrekoetatik puntuazioz sailkatuko diren zazpiak. Hiru saiotan banatuko da Iruñeko Nafarroa Arenan jokatuko den finala: goizean, zortzi bertsolariak jardungo dira eta zor-tzi bertsolariekin emango zaio hasiera arratsaldeko jardunari ere; azkenean, puntu gehien metatu duten bi bebrtsolarien arteko buruz burukoa jokatuko da. Egun osoko jardunean puntu gehien eskuratu dituena izango da 2022ko txapelduna.

Txapelketan parte hartzeari uko egin dioten bertsolarien artean, Sarriegirekin eta Elortzarekin batera, Beñat Lizaso, Etxahun Lekue, Jokin Uranga, Jon Maia eta Odei Barroso aurkitzen dira. Euren ordez Beñat Iguaranek, Haritz Mujikak, Imanol Uriak, Maialen Akizuk eta Patxi Iriarteko kantatuko dute. Denetara 15 dira lehenengoz Txapelketa Nagusian arituko direnak. Emakumeen parte-hartzea ere zabala da: 15 denetara.

Sarrerak, dagoeneko salgai

Txapelketa Nagusirako sarrera guztiak, finalekoak barne, eskuragarri daude www.bertsosarrerak.eus atarian. Bertsozale Elkartetik argitu dutenez, bazkideek abantailak izanen dituzte hauek eskuratzerakoan, “beraiek baitira egiten ditugun ekitaldi guztien ezinbesteko sostengua”. Hala, saio guztietan prezio berezia izango dute sarreretan.

Txapelketa telebistaz jarraitzeko aukera ere izango da. Aste honetan hasi da Hitzetik Hortzera denboraldi berria, eta igandero izango da ETB1en. Hala, Bertsozale Elkartearekin elkarlanean egiten den telebista saioak Txapelketa Nagusiari eskainitako saio monografikoak eskainiko ditu. Bestalde, finalaurreko guztiak zuzenean emititiko dira ETB4 katean, eta eitb.eus zein bertsoa.eus atarietan ere.

Txapelketa ‘ahalik eta ederrena’

Joan zen astean Amasa-Villabonan ospatutako txapelketaren aurkezpen bestan, Gontzal Agote 2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko Talde Antolatzaileko kideak azken urteotako egoera zaila ekarri zuen gogora: “Plazarik gabe ez dago txapelketa ulertzerik, plazak behar ditu bertsoak. Kostatu da, baina, zorionez, berpiztu da bertso plaza: berriro ere bertsolariak, zaleak, antola-tzaileak, bertso-eskolak jo eta su dabiltza. Orain bai: egin dezagun txapelketa bat ahalik eta ederrena” azaldu zuen, eta gehitu: “Orain bai, badira baldintzak txapelketaren jiran zazpi lurraldeetan barna sor-tzen, kantatzen, ikasten, gozatzen eta goldatzen ibiltzeko”. Hasi dadila, bada, bertso lehia, eta bertsolari bakoitzak aurkitu dezala bere doinu eta neurria.

Lehenengo saioak

Gaur, Getxoko Muxikebarri zentroan, 17:00etan. Agin Laburu, Alaia Martin, Nerea Elustondo, Oihana Bartra, Peru Abarrategi eta Unai Mendizabal. Aurkezlea: Imanol Artola. 

Bihar, Arrasateko Amaia Udal Antzokian, 17:00etan. Gorka Pagonabarraga, Iñaki Apalategi, Joanes Illarregi, Miren Amuriza, Saioa Alkaiza eta Xabier Silveira. Aurkezlea: Ander Aranburu.

Kostatu da, baina orain bai:egin dezagun txapelketa bat ahalik eta ederrena Bertsozale Elkarteko kidea

Gontzal Agote - Bertsozale Elkarteko kidea

Etiquetas
24/09/2022