Bertsoak euskal kulturaren bizkarrezurretako bat dela azpimarratu du Xabier Irujok, Centre of Basque Studies-eko zuzendariak Renon, Onda Vascako Gipuzkoako Kale Nagusian. Bera izan da, Iñaki Arrieta eta Larraitz Ariznabarretarekin batera 'Bertso eskolak. Basque Improvisational Poetry Schools' liburua editatu duena, ezaugarri hauek dituen bertso eskolen gaineko lehengo idatzia.
2018an dauka oinarria liburuaren jatorria, Center for Basque Studies-ek eta Jon Bilbao euskal liburutegiak emakumeen eskubideen aldeko borrokari buruzko biltzarra antolatu zuten bertsolaritzaren esparruan. Ondoren, 'Female Improcisational Poetry' liburua argitaratu eta bertso eskolei eta bertsolaritzaren garapenean izan duten eraginari buruzko bigarren kongresu bat antolatzea erabaki zuten, baina, pandemia medio, planak atzeratu ziren aurtengo apirilera arte.
Bertan, bertso eskolen bilakaeraren gainean jardun zuten eta bertsolaritzaren fenomenoak euskal jendarteko garapen sozialean duen eragina aztertu zen. Hain zuzen ere, horrek islada zuzena du gaur aurkeztutako liburuan. 'Bertso eskolak. Basque Improvisational Poetry Schools' liburuan, bertsolaritzaren fenomenoa ikuspegi sozialetik ere aztertzen da: nola lagundu duen emakumearen berdintasuna bultzatzen eta literaturarako sarbidea jendarteratzen, etab.
Lan aitzindari honek bertso eskolen azken hamarkadetako ibilbidea aztertzen du protagonista batzuen bitartez, besteak beste, Maialen Lujanbio, Julio Soto edo Jone Uriaren testigantzen bitartez. Bertan, euskal kultur ondarearen transmisioari egiten dioten ekarpenaren berri ematen da. Momentuz, liburua salgai dago liburudendetan eta, urte bete igarotzean, doako edizio digitala ere argitaratuko dute.