Buscar
Gipuzkoa

Irun: "Kontrola ez da maitasuna" kanpaina berriz aktibatuko da

Aitziber Iratzoki teknikaria eta Miren Echeveste udal ordezkaria, atzo, kanpaina aurkezten.
Aitziber Iratzoki teknikaria eta Miren Echeveste udal ordezkaria, atzo, kanpaina aurkezten.

irun –Pasa den ekainean eta uztailean, Irungo Udalak nerabeei zuzendutako kanpaina bat abiarazi zuen genero indarkeriaren inguruko sentzibilizazioa lantzeko. Kontrola ez da maitasuna lelopean, kanpaina belaunaldi gazteengana zuzentzen zen eta bikoteen artean egunero gerta daitezkeen egoera toxikoetan eta jarrera negatiboetan jartzen zuen begirada. Irungo Berdintasun ordezkariak, Miren Echevestek, atzo iragarri zuenez, kanpaina berriz aktibatuko da datorren hilabeteari begira, azaroaren 25ean Emakumearen Aurkako Indarkeriaren Kontrako Eguna ospatzen baita.

Zinegotziak gogorarazi zuenez, kanpaina Irungo Imago agentziarekin batera diseinatu zen eta azaroan burutuko den bigarren fase hori hilaren 2tik 30era luzatuko da. Nobedadeen artea, kanpainak presentzia handiagoa izango du kaleetan udazkenean, kanpainaren irudia eta leloa duten banderak ipiniko baitira hiriko kale askotan eta autobusaren markesinetan. Gainera, udalerriko DBHko ikastetxeetan lanketa sakona egingo da kanpainaren baitan.

Berdintasun arlotik bidali nahi den mezuan sakontzen, Aitziber Iratzoki teknikariak gaur egun sare sozialek duten garrantzia azpimarratu zuen. "Mugikorrarekin eta sare sozialekin, gaur egun edonork bere bikotea non dagoen kontrola dezake ia une oro", zioen Iratzokik, lehen existitzen ez zen kontrol mota bat dela azalduz eta gazteen artean oso zabalduta dagoela argituz. Ildo horretan, kanpainaren leloak oso argi uzten du zein da gazteei transmititu nahi zaien idea: kontrol hau bikoteengan ezartzea maitasunaren kontrakoa dela.

Egoera oso kezkagarria dela adierazi zuen ere teknikariak: "Zifrak hor daude, azkenean gazteen artean ere indarkeria gauzatzen da eta badaude jarrera eta rol batzuk pentsatzen genituenak gaindituta zeudela eta bueltatzen ari direnak". Horregatik, kapaina honez gain beste ekimen batzuk antolatzen ditu urtero Irungo Udalak; eskoletan gai hau jorra-tzea funtsezkoa ikusten dute tokiko administraziotik, eta hala egin ohi dute puntu moreko edo Irun Beldur Barik bezalako programekin.

2021-10-29T14:05:03+02:00
En directo
Onda Vasca En Directo