Buscar
Cultura

Iruñea, BTNko “eztanda emozionalerako” prest

Navarra Arenak jasoko du Iruñan lehen aldiz Bertsolari Txapelketa Nagusiko final handia
El Navarra Arena se prepara para la final del Campeonato de Bertsolaris de Euskal Herria.
El Navarra Arena se prepara para la final del Campeonato de Bertsolaris de Euskal Herria.

Euskal bertsolaritza bere egun handiaren atarian dago. Navarra Arenako 13.000 sarrerak irailetik agortuak, igande honetan jasoko du Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala. Goiz eta arratsaldez luzatuko den saioan, zortzi bertsolari txapelaren bila: aurreko edizioko txapelduna, Maialen Lujanbio, Amerts Arzallus, Sustrai Colina, Beñat Gaztelumendi, Nerea Ibarzabal, Joanes Illarregi, Alaia Martin eta Aitor Mendiluze. Denak prest Colinak aurkezpenean esan zuen moduan, “eztanda emozionalerako”.

Aitor Mendiluze, Alaia Martin, Joanes Illarregi eta Amets Arzallus.

Aitor Mendiluze, Alaia Martin, Joanes Illarregi eta Amets Arzallus.

Maialen Lujanbio, Beñat Gaztelumendi, Nerea Ibarzabal eta Sustrai Colina.

Maialen Lujanbio, Beñat Gaztelumendi, Nerea Ibarzabal eta Sustrai Colina.

Pandemiaren erruz urtebetez atzeratua Txapelketa, lehenengoz finala Nafarroa Garaian eta lehenengoz ere hiru emakume oholtza gainean, gogo berezia nabari da hitzordu handirako, Getxon hasi eta ia hiru hilabetera, saioz saio sumatu den giro berezia Iruñako plaza handira iritsiko da igande honetan, Euskal Herriko hamaika puntutatik autobusez ala autoz gerturatuko diren bertsozaleen artean.

Ateak 9:00etan irekiko ditu Navarra Arenak eta 11:00etan hasiko da finala. Bertsolariek egun bandi batek eskatzen duen ariketa kopuru zorrotza izango dute aurretik. Bost bazkalordura bidean. Lehenengo lauak, binaka. Gaia emanda, zortziko handian eta zortziko txikian, puntua emanda, zortziko txikian, eta goizeko ganbara lana egin aurretik, gaia emanda sei puntuko motzean,

Dena ongi bidean, 14:30ak aldera amaituko da goizeko saioa, bertsolari bakoitzak 15 bertso bota eta gero. Arratsaldean, berriz, protagonistek 10 bertso osatu beharko dituzte, hasteko, gaia emanda, hiruna bertso hamarreko txikian, puntutan zortziko txikian bikoteak zortzi bertso osatu arte, eta hiruna bertso nahi den doinu eta neurrian.

Ordurako Navarra Arena gori-gorian egongo da, eta epaimahaiak buruz-burura sailkatuko diren bi bertsolariak nortzuk diren jakinaraziko du. Beste seiren kasuan lanak amaituta izango dituzte. Zer bide bete beharko dute bi finalistek txapela eskuratzeko? Hamar bertso puntuagarri: binaka, gaia emanda, Iparragirre abila dela doinuan hiruna bertso; beste hiruna zortziko txikian gaia emanda; eta azkenik, ganbarako lan bikoitza: bederatziko txikian, hitza emanda, bertso bakarra, eta gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian.

Lanak amaituta, sailkapen osoa ezagutu eta txapelduna nor izango den emango da aditzera, Iñaki Murua Bertsozale Elkarteko presidente izandakoak (2005-2018) eta 1986 eta 1989 ediziotan finalista izandakoak jarriko dio Itziar Alduntzinek brodatutako txapela. Horrekin batera, txapeldunak Mikel Lertxundiren artelana jasoko du.

Aurreko finaletan bezala, Euskal Herritik kanpora ere sortu du jakinmina 350 lagun lanean mugiarazten duen hitzorduak, eta hainbat ikertzaile gerturatuko da Iruñara, tartean, Galiza, Catalunya, Mallorca, Madeira, Sardinia eta Nevadatik, besteak beste.

Ordutegia

Ordutegia

Sariak

Sariak

2022-12-19T08:07:03+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo