Gipuzkoa

Irungo BDSKoop-ek zazpi printzipio kooperatiboen aplikazioa sarituko du aurten ere

‘Kooperatuz Sariaren’ hirugarren edizioan Euskal Autonomia Erkidegoko kooperatiba eta lan-sozietate guztiek parte har dezakete
Dornaku Lanz BDSKoop-eko proiektuen arduraduna / A.M.S.

Irungo BDSKoop Eraldaketa Fabrikak Kooperatuz Sariaren hirugarren edizioa antolatu du, Eusko Jaurlaritzako Gizarte Ekonomiako sailaren babesarekin. Ekimen honen helburua da zazpi printzipio kooperatiboen aplikazioa sustatzea eta ekonomia sozialeko enpresen lana balioan jartzea Euskal Autonomia Erkidegoan.

Zazpi printzipio kooperatiboak ardatz

Kooperatiben Aliantza Internazionalak 1895ean ezarri zituen zazpi printzipio kooperatiboak dira sariaren oinarri, eta Euskadiko Kooperatiben Legean ere jasota daude. Printzipio horiek honako hauek dira: kideen kudeaketa demokratikoa; kidetza irekia eta borondatezkoa; kideen parte-hartze ekonomikoa; autonomia eta independentzia; kooperatiben arteko lankidetza; komunitatearekiko konpromisoa eta hezkuntza, formakuntza eta informazioa bermatzea.

Sariaren edizio berri honetan, printzipio hauek praktikan nola gauzatzen diren aztertuko du BDSKoop-ek, eta haien aplikazio arrakastatsuak sarituko da.

Sariaren berrikuntzak

Gaur goizean Dornaku Lanz BDSKoop-eko proiektuen arduradunak azaldu duenez, Kooperatuz Sariaren edizio berri honek hainbat berrikuntza dakartza. Lehen aldiz, Euskal Autonomia Erkidegoko kooperatiba eta lan-sozietate guztiek parte har dezakete, eratze-urtea edo probintzia kontuan hartu gabe. “Beraz, aurten protagonismoa printzipio kooperatiboen aplikazioak hartzen du, hauek aurrera eramateko bide eta aukera ezberdinak, zein denboran hauek mantentzeko gaitasunak”, esan du.

Izan ere, ekimen honen helburua printzipio horiek ezagutzera ematea da, praktikan gure lurraldean nola gauzatzen diren jakin, balioan jarri eta behar duen oihartzuna ematea. Horren harira, EAEko kooperatiba eta lan sozietate guztiei parte hartzeko deia egin die Lanzek, eta gogorarazi die BDSKoop-en webgunean aurkituko duten galdetegi bat bete besterik ez dutela egin behar.

1.500 euroko bi sari

Aurreko edizioetan bezala, 1.500 euroko bi sari banatuko dira. Alde batetik, Izaera Demokratikoari Saria, barne-antolaketa, parte-hartze mekanismoak eta kideen inplikazioa baloratuko dituena, eta, bestetik, Komunitate eta Lankidetza Saria, ingurunean eragiteko gaitasuna, komunitatearekiko konpromisoa eta kooperatiben arteko lankidetza ardatz izango dituena.

Parte hartzeko prozesua eta epaimahaia

Lehiaketan parte hartu nahi duten kooperatiba eta lan-sozietateek gaurtik apirilaren 11ra izango dute aukera, aipatutako webgunean eskuragarri dagoen galdetegia betez. Behin epea itxita, Mirene Arri (Elkar-lan), Beñat Irasuegi (KoopFabrika) eta Itziar Barinaga Rementriak (Gezki) osatutko epai-mahaiak proposamenak aztertuko ditu.

Sari banaketa eta emaitzak

Irabazleek ekainaren 13an egingo den sari banaketa ekitaldian nahitaez parte hartu beharko dute saria jaso ahal izateko.

Azkenik, informazio gehiago nahi dutenek, BDSKoopekin harremanetan jar daitezke proiektuak@bdskoop.eus helbide elektronikora idatziz edo 843 740 198 telefonora deituz.

12/03/2025