Actualizado hace 4 minutos
Irungo Plaiaundi Institutuko mahai eta aulki zaharrek erabiltzaile berriak dituzte. Senpereko Kattalin Elizalde ikastolak pasa den astean jaso zuen Plaiaundik erretiratu duen materiala, hain zuzen ere. Erabiltzeko egoera onean dagoen materiala, ikastolako hainbat gela berritzeko zegoen beharrari erantzuteko erabiliko dena.
Proiektu hau orain dela hilabete batzuk jarri zen martxan. Plaiaundik eta Seaskak harreman estua dute, eta Irungo institutuak aukera ikusi zuen aldatu behar zuen materiala Iparraldeko ikastolak duen beharrari erantzuna emateko bideratzeko. Hori dela eta, Plaiaundin azken asteetan altzari-ordezkapena egin da eta mahai zein aulki zaharrak Lapurdira eraman arte gorde dira.
Garraio eta Logistikako irakasleek antolatuta, materiala kentzeko eta kargatzeko operazioa Nazioarteko Merkataritza, Garraio eta Logistika eta Errepideko Garraiorako Ibilgailuak Gidatzeko Teknikaria zikloen irakasle eta ikasleen laguntza izan zuen. Horien artean material guztia patiora eraman zuten, 180 mahai eta 295 aulki, hain zuzen, eta arratsaldean, kamioian kargatu eta estibatu zuten.
Behin Senperen, Seaskako irakasleen laguntzarekin, materiala deskargatu zen, eta dagoeneko Kattalin Elizalde ikastolako ikasleak erabiltzen ari dira dagoeneko.