Gipuzkoa

Irura: Astelehenean hasiko dituzte udaletxeko lanak

Irurako Udaletxea. Argazkia: M.S.S.

Irura – Udaletxeko obrak astelehenean hasiko dira eta eragina izango dute trafikoa eta aparkamenduetan lanek irauten duten bitartean.Obrak gutxienez hamalau hilabete iraungo dute eta Irurako Udalak neurri bereziak hartu ditu antolaketa berria egiteko.

Horrela, San Migel plazara sartzeko ohiko errepidea erabat itxita egongo da eta autoek ere ezingo dute aparkatu, obrako ibilgailuek izan ezik.

Udaletxea berritzeko beharra dago, izan ere, eraikinak ez ditu irisgarritasun irizpideak betetzen, ez du inguratze-energetikorik, kale argiteriako kontrol koadroaren instalakuntza gaizki dago eta termitak lanean hasiak daudelako, hainbat elementu egurrezkoak baititu.

Beraz, astelehenetik aurrera eliza atzeko sarrera erabiltzeko baimena San Migel plaza eta Agarre bailarako bizilagunek eta zerbitzuetako ibilgailuek soilik izango dute. Jakinarazi dutenez, gainera, bideo-kameraz zaindutako eremua da eta gerta litezkeen arauhausteak zigortuak izango dira.

Zentzu honetan, Irurako Udalaren gomendioa da aparkatzeko beste eremuak erabiltzea auto pilaketak ekiditeko eta zerbitzuak, hornidurak edo larrialdiko ibilgailuak beren lana erraztu ahal izateko nahiko leku izan dezaten. Esaterako, trinketean, pilotalekuan eta Sagasti kale inguruan lekua dago plazatik gertu.

Era berean, oinezkoentzako ibilbidea prestatuko da arriskurik egon ez dadin. Seinalizazioa erabili eta errespetatzeko deia egin dute. Zabor edukiontziak kale Nagusiaren ingurura pasako dira, semaforo inguruan.

Edozein argibide, kexa edo iradokizun egin behar izanez gero, udalarekin harremanetan jarri daitezke iruratarrak 943 691 333 telefono bidez, "idatzi udalari" atala app-an edo irura@irura.eus posta elektronikoa erabiliz.

09/01/2022