Irurako herritarrek herri-ostatu bat zer den galderari tiraka herriko ostatua izango den proiektua definitu dute. Hamabost lagunek parte hartu dute prozesuan. Haien iritziz, ostalaritza-zerbitzuaz haratago, Irurarren beharrei erantzun behar die herri-ostatuak, hau da, “herritarrei irekia egon behar duen zerbitzua izan behar du”.
Tabernari dagokionez herritar guztientzat irisgarria izango den eskain-tza bermatu beharko dela adostu da, zehazki, bokata, plater konbinatu eta eguneko menuei lehentasuna emanez; baita tokiko eta garaiko produktuak erabiltzea sustatu beharko dela ere, tokiko ekonomiaren alde eginez. Bestalde, kultur ekitaldietarako espazio bat izatea lehenetsi da. Kasu honetan, herri-ostatuak Irurako kultur mahaiarekin elkarlanean jardun beharko duela erabaki da, bertako programazioa herriko eragileekin koordinazioan eraikiz.
Beste hainbat aldagairen inguruan hausnartu eta eztabaidatu da, hala nola: herri-ostatuaren irekiera egutegia eta ordutegia; herri-ostatuko kudeatzailearen eta Irurako Udalaren arteko harremana eta koordinazioa edota herri-ostatuko hizkuntza irizpidea.
Hurrengo urratsak ematea Irurako Udalari dagokio: proiektua esleipen pleguetan jasotzea eta Zahar Etxea zenaren espazioan obrak egitea eta atontzea.