Donostiako San Jeronimo aretoan (Kripta) estreinatu du Naia Arantzamendik 'Sutan', bere lehenbiziko film laburra, hiriko oroitzapen ekitaldien baitan. Izan ere, 1813. urteko egun hartan Donostiako hiriak jasandako setioan oinarrituta dago Maluta Films ekoiztetxeak babestutako lana. Hiriak pairatutako basakeria islatu du lanean, Espainiako Independentzia Gerra garaian gertatutako gatazkak erabat suntsitu baitzuen Donostia. Gertutakoa hobeto ezagutu ahal izateko, gau horren ostean 79 testigantza jaso ziren. Film honen bidez, bestalde, kontatu ez zen lekukotza bat jaso nahi izan du zuzendariak, fikzioa bada ere, benetakoa izan zitekeena. Testigantza hura hamar urteko neskato baten begietatik irudikatu du Arantzamendik.
BENETAKOA IZAN ZITEKEENA
Gidoia lantzen hasi zenean, bereziki bere jakinmina asetzea zen zuzendariaren helburua. Izan ere, testigantzak esku artean izan zituen momentuan irudi bat etorri zitzaion burura: "Haur bat imajinatu nuen, gerra baten erdian, ihesean, eta pentsatu nuen nora ote zihoan haur hura, nora joango litzatekeen". Aipatutako testigantza horietatik bi baino ez dira emakumeenak, eta bat bera ere ez da haur batena. Hala ere, 79ek diote emakumeek prezio altua jasan zutela gau hartan: "Gerra guztietan gertatzen den zerbait da, baina kasu hartan bereziki nabarmendu zuten emakumeenganako indarkeria". Dena dela, haur eta emakumeek jasandakoa ez dagoela jasota azaldu du ondarroarrak.
Hori dela eta, hamar urteko protagonistak izandako sentsazio, ezinegon eta beldur berdinak sentitu nahi izan ditu gidoilari eta zuzendariak, berarekin bat egin, eta "orain arte ikusi ez duguna ezagutu". Dioenez, filmetan bortizkeria ikustera ohitua dago jendartea, baina ez haur eta emakumeen begietatik. Hortaz, "isildu dituzten istorioak" existitzen direla kontatu eta horri buruzko hausnarketa bultzatzea da lan honen bidez bilatu duena.
ARMAIRU BARRUTIK
Aipatutako haurra Juana da, Arantzamendik azaldutakoaren arabera, neskato ausarta eta bere amarenganako lotura handia duena. Suntsitzen ari diren hiri baten erdian dago, eta ez du jakingo nola egin behar dion aurre egoera horri. Ihesi, logela batera heltzea lortuko du, eta armairuan ezkutatuko da. Hortik entzungo ditu bonben zaratak, tiro hotsak, garrasiak, eta bi soldaduren ahotsak. Haur horren papera betetzen duen neska Naroa Miguel Arregi aktorea da, eta soldaduak Joseba Usabiagak eta Iker Galartzak gorpuztu dituzte.
Filmak armairu barrualdea eta Juanaren begiek bertatik ikus dezaketena erakutsiko du. Hortik kanpo gertatzen ari dena islatu ahal izateko, soinuaz baliatu da zuzendari eta gidoilaria, Lander Llorensen ardurapean. Produkzio burua Cris Fraile izan da, eta argazki-taldea osatu dute Alex Suerias, Victor Rodriguez, Iban Toledo, Javier Seva eta Ioritz Dominguezek. Zuzendari lanetan Ainara Mendiola izan du laguntzaile Arantzamendik. Maialen Sarasua Oliden arduratu da script eta muntaketaz, Nerea Berroeta eta Sandra Vicente arte-zuzendaritzaz, eta Telmo Tola figuringile lanez. 2022ko otsailean zehar egin dituzte grabazio eta errodaje lanak, Andoainen (Gipuzkoa), Zinea.eus hedabideak eskainitako aukera eta baliabideen laguntzaz.
GIDOI LEHIAKETAN IRABAZLE
Zinea agerkari digitalak 2020an antolatutako gidoi lehiaketa da film honen abiapuntua, Arantzamendiren lana hautatu baitzuen irabazle epaimahaiak. Izaskun Arandia ekoizleak, Euskadiko Filmategiko Esther Caberok eta Ekain Albite zinemagileak osatu zuten epaile-taldea.
Ikus-entzunezko Komunikazioan graduatu ostean, gidoigintzan espezializatu zen Arantzamendi Madrilen. Garaile suertatu izanagatik, gidoiaren filmaketarako finantzaketa eta baliabideak bilatzeko laguntza izan du. Azaldu duenez, aurkeztu zenean ez zeukan irabazteko esperantza handirik, are gutxiago proiektua gorpuzteko. Hortaz, pozik eta eskertuta azaldu da. Lehiaketak ateak ireki dizkiola esan du, bere lana erakusteko bidea izan dela, eta arlo honetan profesionalak diren langileen laguntza handia jaso duela. Hori dena, bere buruarengan konfiantza handiagoa izateko baliagarria izan da Arantzamendirentzat.
Bi urteren ondoren, abuztuaren 31n, estreinatu zuen 'Sutan' film laburra Donostian eta, oraindik argitu gabe dago proiektuak hemendik aurrera izango duen ibilbidea. Emanaldiak egongo direla espero du, eta festibalen zirkuitoan sartzeko gogotsu azaldu da.