Txikitan gurasoengandik jaso zuen musikarekiko maitasuna, eta egun, bere pasio bihurtu da. Eider Saezek (Lazkao, 1998) sei abestiko EP-a kaleratuko du martxoan, eta dagoeneko bi kanta atera ditu: Elkarrekin gaudenean eta 23. Nogen taldearekin eman zituen lehen pausoak musikari lazkaotarrak, baina lau urteren ostean, 2021eko urte amaieran taldea uztea erabaki zuen. Aurten proiektu berriarekin dator, oraingoan bakarka.
Noiz hasi zen zure musikarekiko harremana?
Oso txikitatik hasi zen. Gogoratzen dut nire etxean musika oso presente zegoela. Gurasoek beti zeukaten musika jarrita eta kotxean milaka CD izaten genituen. Nik uste txikitatik erakutsi didatela musikarekiko maitasuna, eta horregatik daukadala gaur egun pasio hau. Musika eskolan apuntatu nintzen, nire ahizparekin batera, eta han eman nituen lehenengo pausoak.
Betidanik idazten duzula aipatu izan duzu ere, ezta?
Bai. Ikastolan goizetan eguneroko moduko bat idaztea egiten ziguten, eta jendeak orokorrean horrelako gauzak jartzen zituen: “Gaur esnatu naiz, gosaldu dut, eta orain ikastolan nago”. Nire amak beti esaten dit irakaslea harrituta geratzen zela nik idazten nituen testu luzeekin. Beti gustatu izan zait idaztea, eta nire kasuan musika eta idazketa eskutik joan dira beti.
2021eko abenduan Nogen taldeari agur esan zenion, etapa berri bat hasteko asmoz. Erabaki hori hartzea zaila izan zen?
Bai, egia esan oso zaila izan zen. Nik berez taldean jarraitzeko intentzioa neukan, baina ikusten nuen jada ez neukala indarrik, edo hasierako ilusio hori galduta neukala, arrazoi ezberdinengatik. Jendeak kaletik galdetzen zidan ea kontzertuak zer moduz eta abar, eta nik ondo erantzuten nuen, baina benetan ez nengoen ondo. Barne gatazka bat izan nuen, eta nire barruan banekien erabaki hori hartu nahi nuela, baina hortaz konturatu arte denbora pasa zen.
Azaroan lehenengo bakarkako abestia kaleratu zenuen, nolakoa izan zen publikoaren harrera?
Abestia kaleratu aurretik eta proiektu berria iragarri aurretik oso urduri nengoen. 2022 osoa eman dut proiektu honetan lanean, baina itzalean bezala. Oso eroso sentitzen nintzen estudiora joaten, abestiak egiten, grabatzen, jotzen, soinu berriak probatzen… Nire kabuz lanean ez nuen inolako presiorik. Kontatzeko unea iritsi zenean, ordea, urduri jarri nintzen, baina jendearen harrera ikusterakoan azkar pasatu zitzaidan. Jendea oso jatorra izaten ari da nirekin eta oso harrera ona izan du lehenengo abesti horrek. Bigarrena, 23, urtarrilean atera nuen eta oso harrera ona izan du ere. Oso eskertuta nago. Azkenean, itzalean egin duzun lana jendeari gustatzen zaiola ikusteak ondo sentiarazten zaitu.
Bi abestiak oso ezberdinak dira. Kontrastea lortu nahi zenuen?
“ ”
Hori da, bai. Soinu desberdinak probatu ditut eta jakinarazi nahi nuen abesti guztiak ez direla berdinak izango. Hemendik gutxira beste hirugarren abesti bat aterako da eta aurreko bietatik desberdina izango da ere. Bigarren abestia oso berezia da niretzako. Ia konposatu bezala geratu da osorik, eta niretzako oso esanahi garrantzitsua dauka. Kantuan hitz egiten dut 23 urte nituenean pasatu nuenaz, taldea uzten pentsatzen ari nintzenean. Eseri nintzen eta bakarrik atera zitzaidan abestia. Niretzat hori oso berezia da eta horrela atera den abesti batek nik uste bere espazioa merezi duela, noski.
Nolakoa izan da idazteko eta musika sortzeko prozesua?
Nik berez gitarra ikasi nuen, baina errazagoa egiten zait pianoarekin konposatzea, eta azken urte hau pianoan eserita eman dut. Abestiak sortzen ditudanean beti nire lagun bati erakusten dizkiot, Jon Anzari; bera gitarra jotzailea da, txikitan musika eskolan ezagutu genuen elkar, eta bion artean forma ematen diegu abestiei. Kasu honetan Jimborekin, Madrilgo ekoizle batekin lan egin dugu. Playlist bat bidali nion berak jakin zezan zein soinu lortu nahi nuen, eta uste dut bete-betean lortu dugula. Egia esan oso pozik nago, oso aberasgarria izan delako Madrilgo estudio batean eta musikari izugarriekin grabatzea. Beste lan egiteko modu batzuk ezagutu ditugu eta pasada bat izan da prozesua.
Nola bizitzen ari zara prozesu guztia bakarka? Taldean bizitzetik oso desberdina da?
Bai, onerako eta txarrerako. Bakarrik zaudenean zuk hartu behar dituzu erabaki guztiak, eta hori abantaila edo desabantaila bat izan daiteke. Musikaz aparte beste hamaika gauza daude, erabaki asko hartu behar dira. Bakarrik egotean lan karga handiagoa da. Zorionez badaukat lan talde txiki bat eta asko laguntzen dit.
Zer aurreratu dezakezu hurrengo abestiez?
Otsailaren 10ean abesti berri bat aterako dut. Estribillos tristes deitzen da eta oso poperoa eta dantzagarria izango da. Martxo aldera EP bat aterako dut, sei abestiz osatutako bilduma eta seguruenik abesti hau EP-a atera baino lehen kaleratuko dugun azkena izango da. Datak zehazten gabiltza, kontzertuak eta den-dena ondo koadratzeko, baina daatorren hilean kaleratuko da, hori seguru.