Itziar Larrinaga Mandalunizek bere lehen itzulpen lana argitaratu du. Irakasle abadiñar honek sustrai pertsonalak ditu Afrikan. Seme-alaben aita kontinente hartakoa zen. “Bihotza Euskal Herria eta Afrika artean daukat”, azpimarratu ohi du. Egun hauetan, Bilboko Zinema Ikusezinaren Nazioarteko Jaialdiaren baitan, Mammadou Dia senegaldarrak idatzi eta berak itzulitako 3052 aurkeztu du. Mammadou cayuco baten heldu zen Espainiara. Gero bere jaioterrira itzultzea erabaki zuen, han aukerak sortzeko asmoz, “Europako ametsa existitzen ez delako”.
Zergatik ‘3052’ izenburua?
—Dakar eta Murtzia artean dagoen distanzia 3052 kilometrokoa da. Berak bete zuen bidaia.
Noiz eta non ezagutu zenuen Mamadou Dia?
—Mamadou Dia, Rototom Sunsplah-en ezagutu nuen, hau da, Benicassimeko Reggae Festibalean. Bera festibal horren barruan dagoen African Village-eko arduraduna izaten da.
Zer antolatzen du han?
—Bertan hitzaldiak antolatzen dira hainbat gai sozialekin zerikusia dutenak: arrazakeria, Afrikako errealitatea, gazteak, emakumeak, El dorado, kolonialismoa... Nik berarekin komunean nuen, nik ere senarra afrikarra nuela –2019an hil zen– eta ni hemengoa, bi umerekin, eta Mamadou neska kazetari galiziar batekin ezkonduta eta bi ume ere bai. Urtero bat egiten genuen Rototom-en..
Zelangoa da Mamadouren izaera?
—Mamadou oso pertsona eskuzabala da. Berak duen guztia bere ingurukoekin konpartitzen duena, bere etxeko atea beti beti beti guztiontzat irekita duena. Alaia da, bere eta bere ingurukoen errealitatea munduari helarazteko ardura hartu duena. Ez biktimismotik, baizik eta Afrikak berak eta afrikarrek duten potentzialetik. Europak erakutsi nahi ez duen Afrika eta afrikarrak erakutsi nahi ditu.
Kultura afrikarra ezagutzen da Europan?
—Komunikabideek ez dutelako normalean, afrikar zinegileen albisterik ematen, idazleen albisterik, musikarien albisterik, gazte unibertsitarioen berri ematen, etab... eta komunikabideetan Afrikako alderdi pobrea eta sarritan sentsazionalismotik kontatzen dute. Mamaodou Dia aktibista paregabea da.
Zein da bere ardura nagusia?
—Momentu honetan Mamadouren ardura nagusia bere herrian, gazte, emakume eta edozeinentzat aukera desberdinak sortzea da Europara etortzeko beharrik sentitu ez dezaten.
1983an jaiotako senegaldar honek bere burua jakinzaletzat, autodidaktatzat eta “bizitzaren irakurletzat” jotzen du. Liburuan, mundu hobea eraikitzeko “betiereko migratzaile” eta ekintzaile modura aipatzen du bere burua. Horretarako, hainbat ardatz ditu jomuga, aldi berean alde teoriko eta praktikoa kontuan hartuz, eta ikuspuntu positibo, inklusibo eta gizatiar batetik abiatuta. Bere lanaren zati bat Hahatay elkartean garatzen du, wolof hizkuntzan barre algarak esan nahi du. Mamadouk txalotu egiten du Itziar Larrinagak bere liburua euskaraz irakurtzea ere erraztu izana.
Esan zenidan, egun grina dagoela euskaraz irakurtzeko.
—Euskal literatura konsumitzen duenarentzat bada liburu interesgarri bat, bere bizipenak kontatzen dituelako eta idazlearen sentimendu eta emozioak jasotzen dituelako, eta bestalde, gaia ikusita, institutuetako ikasleen artean lantzeko gai aproposa delako... Euskaraz ikasten dugula ikusita.
Adibidez, bere bidaiaren beti gogoratuko duzun datua edo zeozer…
—Badaude bidaiako momentu ba-tzuk oso gogorrak direnak, eta neure buruari esaten diot ez naizela inor holako bidaia bat egiten duenaren inguruan inolako juiziorik egiteko. Nire errespeto guztia dute euretariko bakoitzak. Sarritan oso juizio arinak egiten dira, “pertsona zurion begietatik” baina, bizi-tza galtzeko arriskua izanda, bizi-tza jokoan jartzen duen bakoitzak nire errespetu osoa du.
Zer miresten duzu berataz?
—Bai, miresten dut Mamadouk, behin bere herrira bueltatzeko erabakia hartzen duenean zelako gaitasuna duen bere inguruan duen guztia bera bezala bere proiektura gonbidatu eta sinestarazi, nahi duenak, nahi duena lor dezakeela, eta bere pasioa ingurukoen pasio bihurtzen da.
Nola eros daiteke ‘3052’ liburu interesgarri hau?
—Edozein liburudendan eskatzen baduzu, ekarriko dizute. Farmazia Beltzak argitaratu du.