Ixabel Agirresarobe ipuin kontalariak 'Babak eltzetik ateratzen' izenburuko emanaldia eramango du asteazken honetan Oñatiko zine aretoko taula gainera. Saioa helduei zuzenduta dago eta euskaraz izango da.
“Ipuin hauetako emakumeak hamaika estutasun pasatakoak dira eta badute zer kontatua. Badute hitza, erabakitzeko eskubidea eta adarra jotzekoa ere bai”, azaltzen da emanaldiaren aurkezpenean.
Udal liburutegiak antolatu du ekintza hau eta 19.00etan emango diote hasiera.
Otsailaren 27an, haurrei zuzenduta
Otsailaren 27an, Agirresarobek bigarren saio bat eskainiko du, kasu honetan, haurrentzako izango da 'Ostegun Kontalariak' egitasmoaren baitan.
Ixabel Agirresarobe usurbildarrak asko daki ahozkotasunaz. Formazioz, aktorea da, Donostiako Antzerki Eskolan ikasi zuen, eta bitartean ipuinak kontatzen hasi zen. Kale antzerkian trebatu zen urtetan eta Hankagorri eta Gorringo taldeekin herriz herri ibili zen. 'ETB-1' telebista katean' Ipupomamua' saioan ere parte hartu zuen kontalari gisa, besteak beste.