Euskal Herriko uharte handiena da, inguruko udalerrietako –Bermeo, Mundaka, Ibarrangelu...– bizimodua izugarri baldintzatu duena. Hurbileko itsasora begirada botatzea baino ez dago bere figuraz disfrutatzeko. Kilometro gutxira baina oraindik urrun eta ezezagun askorentzat, Izaroko irlak bere historia luzean zehar izan dituen sekretuak lau haizeetara zabalduko ditu, 2023 urteko martxora arte, Bermeoko Arrantzaleen Museoan zabaldu berri den erakusketak. Anton Erkoreka eta Xabier Armendarizek komisariatuta, mostrak askotariko piezak barne hartzen ditu, hala nola tailu eta irudi erlijiosoak, pieza arkeologikoak, margo historikoak edo biologia. Frantziskotarren komentuaren 600 urteak bete dituela aitzakiatzat erabilita, erakusketak beste hainbat kontu historikori egiten dio errepasoa, baita literatura edo zinemagintzan izan duen eraginari ere.
2023ko martxora arte bisitatu ahalko den mostra, “Izaro haitz bat baino gehiago” dela zehaztu zuen Erkorekak, eta hala baieztatu Armendarizek. “Bera da Izarori buruz informazio gehien eman dezakeen pertsona”, adierazi zuen bigarrenak lehenengoari buruz. Tartean izan zen Lorea Bilbao Ibarra Euskara, Kultura eta Kiroleko diputatua. Bere hitzetan, “gertakari handiak bizi izan zituen irla izan da. Eta hauek guztiak batzen saiatu gara”. Lortu, lortu dute. Bada, panelen bitartez erakusketan komentuak iraun zuen 300 urteetan zehar gorde ziren pieza artistiko garrantzi-tsuenak dira ikusgai. Besteak beste, “Gaztelako errege eta erreginek bisitatu zuten, kortsarioek eraso egin zioten eta bertako fraideek zigor handiak jasan zituzten” komentua da ikusgai. “Historian zehar, komentuak ondare historiko eta artistiko aberatsa pilatu zuen, zeina denborazko erakusketa honetan bilduta aurkezten baitugu. Erakusketan ikus daitezkeen piezen artean, honako hauek daude: XVI. mendeko taula flandriar bat, San Antonioren mirariei buruzko XVII. mendeko sei taulako multzo bat, aparteko kalitateko bi irudi gotiko edo Izaroko prozesio-gurutze bikaina; azken hori, bere kalitateagatik, modu iraunkorrean egon da ikusgai Bilboko Euskal Museoan·”
Zenbait museo eta erakunderen kolaborazioari esker –Elantxobeko parrokiatik, Bilboko Euskal Museotik, Eleiz Museoa eta Bilboko Miserikordia Etxea– lortu dituzte hainbat pieza, bai artistikoak eta baita arkeologikoak ere. Eta hauek ikus daitezke. Baina aro garaikideagoetan ere, Izaro hainbat tradizioen gune izan da. Nola ez aipatu Madalen Eguneko jaia, edota inguruko herrietako kultura herrikoian izan duen eragina ere. Bestetik, “panelen zati bat uhartearen historia naturala ezagutzera bideratuta dago, bertako flora eta fauna, bai eta uhartea inguratzen duten itsaspeko hondoak ezagutzera ere, mendeetan zehar hondoratu diren hainbat ontzi baitaude bertan”. “Izaro paradisua bada duen hedadura txikian, berdina esa genezake itsasazpian dagoenari buruz”, ziurtatu zen Armendarizek, Izan ere, korsarioek ere bisitatu zuten uhartea. Eta Erkorekak “gaur egun oraindik zutik diren komentuaren hormak errekuperatzeko egin beharreko lanaz jardun zen.
Komentua hiru mende luzez izan zen martxan. Eta kulturan eragin zabala izan du. “Izaroren silueta mitikoak hainbat autore inspiratu ditu eta uhartearen inguruan literatura-obrak, bilduma historikoak eta ikono kulturalak ehundu dira. Adibide gisa, 1878an, Antonio Trueba idazle kostunbristak, Curiosidades histórico-literarias de Vizcaya (Bizkaiko bitxikeria historiko-literarioak) lanean, kapitulu bat eskaintzen dio: Memorias históricas de la isla de Izaro (Izaro uhartearen memoria historikoak). Gabriel Arestik Izaro sartu zuen Harri eta Herri poema liburuan, euskal literaturako lanik enblematikoenetako bat, poesia eder eta malenkoniatsuarekin”. l
Erakusketa
l Izaro. Anton Erkoreka eta Xabier Armendariz komisario dituen ‘Izaro: Natura eta historia’ erakusketak atzo zabaldu zituen ateak, Lorea Bilbao Ibarraren parte hartzearekin. 2023 urteko martxora arte izango da Bermeoko Arrantzaleen Museoan.
l Jarduerak. Hilabete hauetan zehar jarduera desberdinak antolatuko dira erakusketaren inguruan: hitzaldi-zikloa, bisita gidatuak ‘Hegaluze’ itsasontzian eta katalogoaren aurkezpena, besteak beste.