Cultura

Izaskun Alonso, Mikel Garate eta Jorge Rubioren lanek osatuko dute Bosteko erakusketa-ibiltaria

Bosteko erakusketaren XXV. edizioaren aurkezpena.

Asteazken honetan, irailak 7, Bosteko erakusketa-ibiltariaren aurkezpena egin da. Habitar/Bizi goiburua eramango duen bosgarren edizio honek Basauri, Leioa, Getxo, Amorebieta-Etxano eta Arrigorriaga bisitatuko ditu urtarrilaren 8ra arte. Hauek dira edizio honetan parte hartuko duten artistak:

Izaskun Alonso Saratxaga

Izaskun Alonso Saratxaga EHUko Arte Ederretako fakultateko artista, ikertzaile eta irakaslea da. EHUko Arte Ederretako lizentziatua da (1994). 1993/1994 ikasturtean Erasmus beka jaso zuen Bolognako Arte Ederren Akademian ikasteko. "Hizkuntza artistikoen praktika eta hizkuntza" doktoretza egin zuen 1995-1997 bitartean, EHUn, eta Gaitasun Profesionalaren Agiria eskuratu zuen 1995ean, unibertsitate berean. 2002an, diseinu grafikoari buruzko master bat egin zuen INEDIn. Urte horretan bertan, ikerketa-arloko lankidetza-beka bat jaso zuen EHUko Arte Ederren Pintura Sailean. 2010ean, Ikasketa Aurreratuen Diploma (DEA) lortu zuen.

Izaskun aktiboki aritu da honako ikerketa-proiektu hauetan:

  • Forma, kolore eta testuren garapena dekorazioko horma-euskarrian. Beissier enpresaren Arte Muraleko proiektuari aplikatzea, 2004. urtea. Zuzendaria:
  • Santiago Ortega Mediavilla. Inprimatzeak eta transferentziak. Oinarri modular dekoratiboentzako teknika artistikoen garapena. La Jirafa SL enpresaren proiektu artistikoei aplikatzea, 2007. urtea. Zuzendaria: Julián Irujo. 2007ko Zientziaren Astean parte hartzea.

1998tik 2016ra La Jirafa Proyectos Artísticos SL enpresako zuzendari sortzailea, diseinatzailea eta pintorea izan da. Enpresa horrek horma-pinturak eta site specific proiektuak diseinatu eta egiten ditu, hirikoak zein barrukoak. 2006tik gaur egun arte, diziplina anitzeko proiektu bat zuzentzen du, izetäka izenekoa. Proiektu horrek pintura garaikidea eta estanpazio digitala eguneroko bizitzako objektuen azaleraren diseinuarekin uztartzen ditu. Gaur egun, pinturaren, arkitekturaren eta hiriaren arteko elkarrizketan oinarritzen da ikerketa.

Mikel Garate Aracama

Mikel Garate Aracama artista, irakasle eta ikertzailea da. Arte Ederretan lizentziatu zen UPV/EHUn, Pintura espezialitatean (1994). Arte Ederretako Fakultateko irakaslea da 1995eko abendutik, Marrazketa Sailean, eta irakasle funtzionarioa 2004-02-18tik. Arte Ederretako Fakultateko idazkaria izan zen 1999-03-02tik 2000-07-13ra, idazkaria 2000-01-14tik 2005.01.31ra, eta fakultate horretako Plangintza eta Ekonomia Gaietarako dekanordea 2018-06-01etik gaur egunera arte.

Mikelen irakaskuntza-ibilbidea lotuta dago marrazketa adierazpen artistiko gisa praktikatzearekin, irudikapen-sistema eta sistema geometriko deskribatzaileekin, diseinurako proiektu-baliabideekin eta abarrekin. Irakaskuntza ertainetako irakasleak prestatzeko hainbat mintegi eta ikastarotan parte hartu du (Garatu), eta EHUko Irakasleen Prestakuntzako masterreko irakaslea da 2010/11 ikasturtetik.

1993az geroztik, hainbat erakusketa egin ditu, eta hainbat SARI jaso ditu; besteak beste: 2010ean, Ohorezko Aipamena Herencia Hispana en América 2010 erakusketan, Museum of the Americas, Doral, Miami (AEB); 2008an, Gipuzkoako Aurrezki Kutxa/Caja de Ahorros de Gipuzkoa obraren erosketa; 2004an, Úrculo saria Marca, Madril pintura-lehiaketan eta akuarelako 1. saria Gasteizeko Aitor Urdangarín sariketan; 1994an, Imagínate Euskadi sariketako 1. Saria eskuratu zuen, Banco Central Hispano, Central Hispano de Plata (Nestor Basterretxea), gaia ondoen landu zuten sarituen artean; eta 1993an, Imagínate Euskadi sariketako 3. saria eskuratu zuen(Banco Central Hispano) .

Jorge Rubio Pinedo

Jorge Rubio Pinedo artista, irakaslea eta ikertzailea da. EHUko Arte Ederretako fakultatean lizentziatua, Pinturako espezialitatean, 1996an, eta doktore-tesia egiteko ikerketa-beka lortu zuen: «Variables de la imagen impresa como referente en la práctica pictórica, análisis, revisión y experimentación». 1998-2002 urteen artean Arte Ederretako Fakultateko Pintura Sailari atxikita egon zen.

Arte-elkarteen sortzaile eta laguntzaile izan da (Espacio Abisal, Mediaz, Kalekocalle), eta Europako hainbat galeria eta herrialdetan egin ditu erakusketak. Era berean, hainbat fundazio eta museorekin lankidetzan aritzen da hezkuntza, diseinu eta erakusketen muntaketako sailetan (Guggenheim Bilbao Museoaren Fundazioa, Arte Ederren Museoa, Van Gogh de Arles Museoa, Wurth-La Rioja Museoa, AZ, BilbaoArte Fundazioa).

Jorge obra publikoaren sortzailea da hainbat hiritan, eta eskala handiko hormako esku-hartzeak eta esku-hartze artistikoak egin ditu. 2020. urteaz geroztik formatu handiko pinturari buruzko Arte Masterreko eskolak ematen ditu. Gainera, hainbat erakunderen bekak eta sariak jaso ditu, eta sorkuntzarako laguntzak eman dizkiote Eusko Jaurlaritzak, BBK Fundazioak, BilbaoArte Fundazioak, Bizkaiko Aldundiak eta AENA Arte Fundazioak, besteak beste; gainera, 2015ean editatu zen Tanque de Tormentas libururako ikerketa artistikoak argitaratzeko laguntzak ere jaso ditu.

Erakusgai dauden obrak

Erakusketako obrak hainbat eratakoak dira. Bertan, pintura, espazioan egindako esku-hartzeak, argazkiak eta gizakientzako babesleku txiki bat ere aurki ditzakegu. Pieza horiek guztiek erantzuna eman nahi diote ziurrenik jaiotzean egiten dugun eta gure bizitza osoan mantentzen dugun lehen ekintzari: bizitzea.

Komisarioak

Bosteko 2022 erakusketako komisarioak Amparo Lozano eta Julen Araluce dira.

Amparo Lozano (Logroño, 1989) EHUko Arte Ederretako Fakultateko Marrazketa Saileko artista, ikertzaile eta irakaslea da. Bere ibilbide artistikoa diziplina anitzekoa da. Orain arte proiektu artistikoak batez ere zeramikoak izan badira ere, gaur egun hainbat materialekin eta horien artean sortzen diren lengoaiekin esperimentatzen du, oro har ikuspegi autobiografikotik, bizipenekotik eta sozialetik.

Julen Aralucek (Bilbo, 1984) ikerlari, margolari eta marrazkilari gisa egiten duen lana eta Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Arte Ederretako Fakultateko Pintura sailean irakasle gisa egiten duen lana uztartzen ditu. Arte Ederretako lizentziaduna (2007) eta doktorea (2017) da unibertsitate horretan bertan, eta prestakuntzako eta ikerketako/sorkuntzako egonaldiak egin ditu hainbat lekutan: Bradford (RU), Portsmouth (RU), Kordoba eta Macerata (Italia). Nazio mailako (Bilbo, Zaragoza, Segovia, Kordoba, Salamanca, Marbella) eta nazioarteko (Portugal, Frantzia, Japonia) erakusketa indibidual eta kolektiboetan parte hartu du. 2010etik 2020ra, bigarren hezkuntzan aritu zen irakasle, eta azterlan-esparru horretan oinarritu zuen bere tesia. Gaur egun, irakaskuntza-lana osatzen duten bi ikerketa-ildo garatzen ditu. Lehenengoa, piktorikoa, pinturari eta marrazkiari buruzkoa da, eta biek memoriarekin duten harremanari buruzkoa. Bigarrena, lehenengoaren luzapen bat, pertsonek pintura eta haren ingurua ulertzeko eta horietara hurbiltzeko dugun modua enfokatzen saiatzen da.

5. Katalogoa

Bosteko 2022 erakusketa ibiltariari buruzko katalogo bat argitaratu da. Katalogo horrek honako hauek biltzen ditu: ekimena sustatzen duten udaletako kultura-arduradunen testu bat, komisarioen idazki bat, artisten hausnarketak eta kultura-aretoetan erakutsiko diren lanen argazkiak. Erakusketa-areto bakoitzean egingo diren bisiten, elkarrizketen eta topaketen egutegia ere jasotzen da.

Aurkezpen-bideo laburra eta iragarkia 

Bosteko 2022 erakusketako lanak jendearengana hurbiltzeko eta lan horiek sortu ziren testuingurua eta motibazioak irudikatzen saiatzeko eta egileak aurkezteko, ikus-entzunezko erreportaje labur bat egin da, pieza artistikoekin batera erakutsiko dena. Gainera, iragarki labur bat ere egin da, Bosteko 2022 ekimena hainbat hedabidetan eta komunikazio-plataformatan zabaltzeko eta sustatzeko.

Jarduera osagarriak

Erakusketarekin batera, jarduera osagarriak egingo dira, hala nola erakusketan parte hartzen dutenen hitzaldiak, bai eta erakusketari buruzko bi bisita gidatu ere.

  • Cosas del Habitar hitzaldia, Basauri (2022/09/23, 19:00): Erakusketari buruzko elkarrizketak Izaskun Alonso Saratxaga, Julen Araluce Hernando, Mikel Garate Aracama, Amparo Lozano Sancha eta Jorge Rubio Pinedorekin. Topaketa bat Bosteko 2022 erakusketako parte-hartzaileekin. Lehen pertsonan kontatuko dituzte beren esperientzia artistikoa eta lan-ildo nagusiak.
  • Bisita gidatuak: irailak 14. 11: 00etan, euskaraz, irailaren 20an, 19: 00etan, gaztelaniaz.
11/09/2022