Hiru hamarkada luze badira Jabier Muguruza musikaria eta Iñaki Irazu poeta elkarrekin lanean hasi zirela. Lehenengoa Les Mecaniciens bandan zebilela hasi zuten harremana. Gerora, 90. hamarraldiaren erdialdera Muguruzak kantautore bidea hartu zuenean, bien arteko adiskidetasuna estutu egin zen. Harrez gero, 32 kantu izan dira Irungo musikariak Asteasuko poetaren hitzekin sortu dituenak. Hartu-eman hori omentzeko eta Irazuren begirada “magikoari” keinu egiteko, 32 abesti horien artetik hamaika hautatu eta “berrikusi” egin ditu Muguruzak, “punta-puntako” banda batekin grabatutako diskoan. Lagun batek esan dit albuma, Muguruzak bost urteren ostean egin duen helduentzako lehen lana, gaur aurkeztu da, asteartearekin, Donostiako Liburutegi Nagusian, bi egileak bertan zirelarik. Hilaren 23an Bilbon egingo dute aurkezpen kontzertua; maiatzaren 3an, Donostian. Aurrerago, Bartzelonan eta Irunen ere jotzekotan da musikaria, banda lagun duelarik.
“Zergatik izan zait beti Irazuren begirada hain liluragarri?”, bota du irungo musikariak, Muguruzatar anaien artean helduenak, airera. Asteasuarraren hitzak aztertzean –kasu honetan, poeta beste Irazu baten anaia txikia da, Jose Irazu, Bernardo Atxaga goitizenez ezagutzen duguna–lortu omen zuen galdera horri erantzuna ematea: umore finaren erabilera, maitasunaren eta sexuaren aipuak, zoritxarraren eta barruko beldurren azaleratzea eta beste hamaika gaien tratamenduak sakonki hunkitu izan baitu Muguruza.
Hainbeste urtetako harremanaren ondoren, beraien arteko laguntasuna disko batekin ospatzea erabaki zuen irundarrak iaz. Geltokiak izarretara (2019) diskoaren bidetik, lehen mailako musikariak bildu zituen diskoari “batasuna emate aldera”. Mikel Azpirozek (Rhodes pianoa eta Hammond organoa), Jean Marie Ecayk (gitarra elektriko eta akustikoak), Fernando Neirak (baxu elektrikoa) eta Karlos Aranzegik, Muguruza berarekin batera, osatu dute punta-puntako bostekoa. Horiei, gainera, musikari irundarraren ohiko kolaboratzaile Mireia Otzerinjauregi ere gehitu zaie.
Ez da kolaborazio bakarra izan, Maite Larburuk ere parte hartu du diskoan, konkretuki, senar-emazteen arteko elkarrizketa kantatzen duen Etxera berandu heltzean abestian. Jatorriz Hain guapa zaude (2001) diskoan argitaratua, Kiko Venenok esandako hitzak egokitu zaizkio Larbururi, eta jakina denez, hernaniarrak oso modu “libre” eta “zoragarrian” heldu dio bertsioari.
Letrak jaio, berriro ere
Irazuk, bere aldetik, Muguruza aurrez aurre ezagutu zuen lehen aldia ekarri du gogora. Xabier Leteren kontzertu batean izan zen, Durangon. Orduan bertan, bere zenbait letrari musika jarri nahi ziela adierazi zion kantariak poetari. Muguruza eta bere eskaera ohiko “presentzia” bihurtu ziren, urtez urte errepikatzen zen “gertakari” moduko bat. Irazuren hitzek “ustezko hartzaile bat izateak”, alegia, bien arteko harremanak, “itxaro bat” sortu zuen poetarengan. “Harridura puntu batez” ikusi du beti Muguruzak bere letrak “aintzat hartu izanak”, halere, zintzo asko onartu du musikariaren ekarpenarekin bere poemak berriro “jaio egiten direla”. Are gehiago, kantautoreak poemak “bere bozean biltzean” edo musikarekin “osatzean” Irazu bera, autore bezala ere, berrio jaiotzen da. “Maitasun kutsua sumatu dut beti nire hitzak bozean biltzen dituenean”, esan du Irazuk. Hain zuzen ere, Muguruzaren diskotik zerbait nabarmentzekotan, Irazuri dion maitasuna izango litzateke.