Actualizado hace 9 minutos
Jai giroa izango da nagusi Azkoitian, Azpeitian eta Zestoan ostiralean Inauterien ospakizunei hasiera emateko.
Azkoitiko Inauterien hasiera ikastetxeetako ikasleen eskutik iritsiko da Ostiral Argal egunean, otsailaren 28an. 15.45ean, kalejiran aterako dira eskoletatik Parrokia aurrean elkartuz.
Merienda eta Oihan Vega
Desfilearen ondoren, Udalak prestatutako meriendaz gozatzeko aukera izango dute.
Arratsaldeko 17.15etik aurrera, Oihan Vega DJ-ak girotuko du Herriko Plaza. Eguraldi txarra egingo balu, ekitaldia Gurea pilotalekura lekualdatuko da.
Festa Elkargunean
Gauean, Elkargunean jarraituko du festak: 21:30etik aurrera, DJ Xabi Fest arduratuko da musika jartzeaz, 12 eta 17 urte bitarteko gaztetxoei zuzendutako disko festa eta mozorro lehiaketan.
Azpeitian eta Euskal Inauterien Jaialdia
Azpeitian, Euskal Inauterien Jaialdia izango da ostiralean.
Azpeitiko Ikastola Ikasberri kooperatibak herriko kaleak euskal inauteriz jantziko du.
Kalejira 18.00etan abiatuko da San Martin egoitzatik eta 20.00etan amaituko da Plaza Nagusian.
22.30ean, Udal Musika Bandak Guatekea ekitaldia eskainiko du Sanagustin kulturgunean, jai giroari jarraipena emanez.
Zestoako Arroabean magia
Zestoako Arroabea auzoan ostiralean izango dituzte Inauterietako hainbat ekintza. Aurtengo gaia magia izango da, eta 15.00etan kalejirarekin emango zaio hasiera festari.
Eguraldi ona bada, ekintzak eskolan egingo dira, bestela frontoian.
Arratsaldeko 17.00etatik 18.30era, Txepetxa aisialdi taldeko kideek tailerrak eskainiko dituzte, eta 18:30etik aurrera, talo jana egingo da Ederki Elkartean.