Urretxuko Udalak eta kultur taldeek ekitaldi sorta oparoa antolatu dute Santa Anastasia jaien ordez
Bigarrengo urtez jarraian, urretxuarrek ez dituzte Santa Anastasia jaiak ospatuko. Jaien ordez, Udalak eta kultur taldeek kultur egitarau oparoa antolatu dute.
Lehen ekitaldiak gaur izango dira. Lurra dantza taldeak herriarteko folklore jaialdia antolatu du. Valentziako Les Potisses taldea eta Iruñeako Ortzadar gonbidatu dituzte. 18.15ean kalejira egingo dute eta 19.00etan jaialdia Aldiri kiroldegian. Jaialdian zehar argazki lehiaketa egongo da, Argazkia elkarteak antolatuta.
Bihar bi ekitaldi egingo dira. 12.00etan musika tailerrak kalejira egingo du. 11.00etan, 13.00etan eta 18.00etan, berriz, Amaia Iturriotzek eta Maite Arboniesek Lurretikan ikuskizuna egingo dute Santa Barbaran. Lurretikan natura eta emakumea uztartzen dituen esperientzia sentsorial eta poetikoa da. 747 494 959 telefonoan eman behar da izena.
Hurrengo asteburuan makina bat ekitaldi egongo da. Hilaren 17an, 19.00etan, erraldoi konpartsak eta dultzaineroek kalejira egingo dute. Amaieran Angela erraldoia aurkeztuko dute Iparragirre plazan. Eguraldi txarra egingo balu, aurkezpena Ederrena pilotalekuan izango litzateke.
Egun berean, Iparragirre 2020 erakusketa inauguratuko da Juan de Lizarazu aretoan. Bertan, urteurrenak utzi dituen une gogoangarrienak jasoko dituzte. Erakusketa urriaren 3a arte egongo da zabalik: asteartetik igandera, 17.30etik 20.30era.
Dantza Hilaren 18an, 12.30ean, Kimuak dantza kolektiboak genEroa ikuskizuna egingo du Ederrenan. Genero ikuspegiaren inguruko lanketa original eta berritzailea da.
Egun berean, 18.00etan, hip hop jaialdia egongo da Labeaga aretoan. Zaragozako Sho Hai-k, Urretxuko eta Zumarragako Agresion Verbal-ek eta Donostiako eta Urretxuko Aigory&DJ Beniz-ek parte hartuko dute. Hilaren 18ko ekitaldiekin bukatzeko, txistulariek kalejira eta kontzertua egingo dituzte. Kontzertua 19.00etan hasiko da, Iparragirre plazan.
Hilaren 19an folklore eta artisau azokak egongo dira, 10.00etatik 14.30era, Iparragirre eta Gernikako Arbola plazetan. Arratsaldean, 19.00etan, Esne Beltza eta Amak taldeek Ederrena pilotalekuan joko dute.
Kontzertu honetaz, Angela erraldoiaren aurkezpenaz, genEroa dan-tza ikuskizunaz eta txistularien kon-tzertuaz gozatzeko gonbidapena behar da. Gonbidapen horiek kultur etxean banatuko dituzte, gaur 10.00etatik 13.00etara eta astelehenean, asteartean eta asteazkenean 11.00etatik 14.00etara eta 18.30etik 20.30era.
Hilaren 20an haurrak izango dira protagonistak. 11.00etatik 14.00etara eta 17.00etatik 20.00etara haur jolasak egongo dira Belaustegi plazan. Eguraldi txarra egingo balu, Aldiri kiroldegian egingo lirateke.
Bukatzeko, hilaren 25ean Iraila Kulturalaren eta ETS (En Tol Sarmiento) taldearen biraren amaiera ospatuko dute. Bi emanaldi egingo dituzte, 18.30ean eta 21.00etan, pilotalekuan. Gonbidapenak hilaren 21, 22 eta 23an banatuko dituzte.