Buscar
Cultura

“Jantzia da pertsonaiaren azala”

Antzerkirako eta operarako bereziki jantziak sortzen ditu Betitxe Saituak. Besteak beste, maiatzean Bilboko Arriaga Antzokian estreinatuko den ‘Lavinia’ antzezlanean ikus daitezke haren sorkuntzak
Betitxe Saitua diseinatzailearen erretratua.
Betitxe Saitua diseinatzailearen erretratua.

Jantzi eszenikoen sorkuntzan burubelarri dabil Betitxe Saitua (Sopela, 1986) diseinatzailea. Arte ederrak, artearen historia eta goi mailako joskintza ikasketak uztartuz topatu du bere bidea. Batez ere, antzerkirako eta operarako jantziak sortzen ditu. Urdulizen (Bizkaia) du estudioa eta bertan ernaltzen dira ondoren bizia izango duten ideia eta marrazkiak.

Jantzi eszenikoak sortzen diharduzu, zergatik hautatu zenuen ofizio hau?

Arte ederrak ikasi nituen eta egin nuen pintura espezializazioa. Hortik hasi nintzen artearen munduan lanean: gida artistikoa izan naiz Bilboko Arte Ederren Museoan eta Guggenheimen. Bitartean ikasi nuen artearen historia eta gero hasi nintzen moda ikasten. Egin nuen goi mailako joskintza. Izan da bide natural bat, izan da uztartzea gustatzen zaizkidan elementu guztiak lanbide baten. 

Modari edo arteari lotutako bestelako lanik egiten duzu; kolekzioak, enkarguak…?

Orain dela ja urte batzuk honetara dedikatzen naizela esklusiboki. Noizbehinka egin ditut beste lantxo batzuk. Adibidez, BIAAF moda lehiaketako finalista izan naiz. Horrelakoak egiten ditut, eta baita bilduma txikiak eta momentu berezietarako edo enkarguz egiten ditut. Jantzi eszenikoak egitea talde lana da; zuzendaritza bat dago eta zu sartu behar zara zuzendaritza horren buruan eta sortu mundu eszeniko bat obra horretarako, baina zure proiektu pertsonalak direnean zara zu zure buruarekin.

‘Cosi Fan Tutte’ operako une bat.

‘Cosi Fan Tutte’ operako une bat. E. Moreno Esquibel

Orain zein proiektu dituzu esku artean?

Arriaga antzokian estreinatuko dugu Lavinia antzezlana. Bestalde, ari naiz prestatzen datorren denboraldirako pare bat proiektu; bata Madrilen La Zarzuelan datorren urteko otsailean estreinatuko den opera bat. Bestetik, opera bat Liejako Operarako, Belgikan. Nahiko proiektu handiak direnez hilabete askoko lana izaten da, pertsonaia askoko ikuskizunak dira. Orain dokumentazio prozesuan eta aurre diseinuen prozesuan nabil. Eta bestetik, Hau Ez Da Gerra Bat antzezlana bukatzen ere maiatzean estreinatzen dugu, Gasteizko Principal antzokian.

Antzerkirako eta operarako jantziak egiten dituzu, oso ezberdinak dira?

Operan oso baldintzatuta dago jantzia. Ahotsa ondo entzuteko jantzia izan behar da oso erosoa, muga gehiago ditugu. Aktoreek denetarik egiten dute eta ohituago daude edozein gauza jartzera. 

Zure prozesua nolakoa da jantzi eszenikoa sortzerakoan?

Lehenengo pausua da testua edo partitura aztertzea. Hor sortzen dira lehen ideiak. Ostean oso garrantzitsua da zuzendaritzarekin hainbat elkarrizketa eta bilera izatea ulertzeko zer lortu nahi den, ze irudi eszeniko bilatzen duten. Ostean, nire feedbacka jasotzen dute, beti irudiekin. Bozetoak, testurak, oihal laginak… hor jarraitzen du elkarrizketak. Behin adostasunera helduta, bi dimentsioetakoa bihurtu behar da hiru dimentsio. Patroiak sortu; eta, ostean, jantziak. Hor ez da bukatzen lana. Jantziak eginda daudenean, inportanteena da jarraipena egitea entseguetan. Ikustea horiek nola funtzionatzen duten. Kontuan izan behar da bizirik dagoen eta zuzenean gertatzen den ikuskizun bat dela. Jantzi aldaketa bat badago, eraldaketa bat badago nola funtzionatzen duen, eta baita guzti horrek argiekin eta eszenografiarekin topo egiten duenean nola moldatzen diren elkarrekin. 

Zein da atalik gozagarriena?

Entseguetako lana da prozesuaren zatirik interesgarriena. Hor dago jantzia ja bizia hartzen. 

‘Cosi Fan Tutte’ operako pertsonaien bozetoak.

‘Cosi Fan Tutte’ operako pertsonaien bozetoak. B. Saitua

Magikoa da une hori?

Magikoa estreinaldia izaten da. Publikoa sartzen denean eta esaten duzunean: orain hasten da. 

Zer da jantzia pertsonaia baten eraikuntzan, zein ekarpen egiten dio jantziak pertsonaiari?

Jantzia da pertsonaiaren parte bat, pertsonaiaren eraikuntzan lagunduko duen atal bat da. Pertsonaia horren arabera pisu gehiago edo gutxiago izango du atal horrek, baina beti ere oso garrantzitsua. Ez gara berdin sentitzen bakero batzuekin, udako jantzi oso fin batekin edo galako lentejuelazko kapa batekin. Jantzi batek ematen dizu mugitzeko modu bat, esertzeko modu bat, munduan egoteko modu bat, erosotasuna, estetika, kolore bat, aurreiritzi batzuk… kokatu ahal dugu pertsonaia hori garai batean, leku batean, estatus sozial baten. Informazioa ematen du. Azkenean, zer da jantzia? Jantzia da pertsonaiaren azala.

Zer da erronka handiagoa, jantzi garaikideak sortzea edo beste garai batekoak?

Erronka da ea errealista edo mundu berri bat sortu behar duzun. Errealista bada nahiz gaur egunekoa naiz Erdi Arokoa izan hor da dokumentazio prozesu bat oso fina. Gero, bestalde, sortu behar duzunean, ez dagoenean erreferentziarik, ez denean existitu. Ni erosoago sentitzen naiz sortu behar ditudanean. Antzerkian eta operan hori askotan gertatzen da. Zinean errealismoa gehiago eramaten da. Antzerkian ezin duzu eszenografia bat egin non XIX. mendeko Paris agertzen den. Joko eszenikoek ematen dute askatasun gehiago, eta jantzietan ere gauza bera gertatzen da.

2023-03-31T15:53:08+02:00
En directo
Onda Vasca En Directo