Actualidad

Japoniaren interesa piztu du hidrogenoaren euskal korridoreak

Lankidetza eta negozio aukeren bila etorri da enpresarien ordezkaritza bat
Nortegasen hidrogenoa hornitzeko entsegu-bankua. | ARGAZKIA: J. LAZKANO

Euskadik Japoniatik datorren enpresa-ordezkaritza bat jasoko du aste honetan. Tartean 30 bat CEO korporatibo, hezkuntza-erakunde eta beste erakunde ekonomiko batzuk etorriko dira, eta industria-sektorea erakusten ari zatzaizkie, Sprik atzo jakinarazi zuenez. CEO horiek Central Japan Economic Federationeko kide dira, Chukeiren izeneko herrialde hartako federazio ekonomikokoak, eta lankidetza eta negozio aukerak identifikatzea dute helburu.

Erakunde japoniar horrek sektore askotako enpresak biltzen ditu, eta, besteak beste, erakundeen eta enpresen arteko lankidetzara irekitako azpiegitura- eta zerbitzu-proiektu handietan jarduten dute. Sprik nabarmendu duenez, arlo horietako zenbait oso interesgarriak dira euskal ekonomiaren sektore estrategiko batzuentzat, eta horregatik, Eusko Jaurlaritza eta Spri Taldeko Nazioartekotzeko Agentzia, Basque Trade & Investment, ari dira bisita koordinatzen, Euskadiko enpresen-tzat aukera potentzialak identifikatu asmoz.

Mikel Amundarain Industria sailburuordeak eta Ainhoa Ondarzabal Basque Tradeko zuzendariak bilera egin zuten atzo Bilbon, Akihisa Mizuno presidentea buru duen enpresa-ordezkaritzako arduradunak bertan zirelarik. Ondoren, Aitor Urzelaik eta Iñigo Ansolak, Spri Taldeko eta Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusiek harrera egin zieten.

Amundarainek Euskadi eta bere berezitasun sozioekonomikoa aurkeztu zituen lehenik eta behin, baita bi herrialdeen arteko harreman historikoa eta egungoa ere. “Japonia bazkide garrantzitsua da euskal enpresarentzat, eta halaxe izan da hainbat hamarkadatan; 23. postuan dago euskal merkataritza-esportazioei dagokienean, Euskal Autonomia Erkidegoko 350 enpresa baino gehiagok Japoniara erregulartasunez esportatzen dutelarik”, adierazi zuen sailburuordeak.

Gainera, goi teknologiako produktuekin konpromiso elkarbanatua dugula azpimarratu zuen, esportazio horien %60tik gora teknologikoak izateak erakusten duenez. Ildo beretik jarraituz, euskal enpresen presentziarik handiena duten herrialdeen artean Japonia 24. postuan dagoela adierazi zuen, guztira 17 enpresa ordezkatzen dituzten 19 ezarpen daudela, eta horietako gehienak automobilgintzaren eta fabrikazio aurreratuaren sektoreetan ari-tzen direla.

Horregatik guztiagatik, Eusko Jaurlaritzak, Basque Trade & Investmen-t-en bitartez, Japoniako erakundeekin eta eskualdeekin hasitako lankidetza areagotu egin du azken urteotan. 2017az geroztik, euskal erakundeetako ordezkariek sarritan bisitatu dute Japonia, azoka-ekitaldietan aktiboki parte hartzeko eta euskal industria sustatzeko helburuarekin. Bisita horien ondorioz, Euskadik hainbat lankidetza-hitzarmen sinatu ditu.

Japonia-Euskadi urtea Datorren urtea, 2023a, Japonia-Euskadi Urtea izango da, eta datorren urte hori erakundeen eta enpresen arteko harremanetan mugarri izatea nahiko genuke, bi herrialdeen arteko merkataritza-harremanetan behin betiko jauzia eginez”, nabarmendu zuen Mikel Amundarainek.

Japonia-Euskadi Urteko ekitaldien programaren barruan, Enpresa Liderren Goi Bilera bat egingo da Japoniako enbaxadaren eskutik. Harremanak sendotzera bideratutako jardueren artean, hainbat txosten zehatz argitaratuko dira, web mintegi sektorialak antolatu, B2B ekimenak sustatu, hainbat prefekturatako ordezkari japoniarrei harrera egingo zaie eta Japoniara negozio-bidaiak antolatzea ere aurreikusita dago.

Aste honetan, Euskadiko erreferente teknologiko, berritzaile eta industrial batzuk bisitatuko ditu ordezkaritza horrek, gure arteko enpresek bikaintasunarekin duten konpromisoari buruzko “ideia garbia” jaso dezaten.

13/10/2022