Buscar
Bizkaia

Jarduera osasungarriak sustatuko ditu Bilboko Udalak ikastetxeetan

Jarduera osasungarriak sustatuko ditu Bilboko Udalak ikastetxeetan.
Jarduera osasungarriak sustatuko ditu Bilboko Udalak ikastetxeetan.

Uriko ikastetxeetan jarduera osasungarriak antolatzea eta sustatze izango da Bilboko Udalaren erronka nagusienetariko bat ikasturte berri honetan. Horretarako, programa bat jarriko du martxan.

Jardueren xedea da ikasleek ohitura osasungarriak berenganatzeko ezagutzak hartu eta jarduerak gauzatzea, eta horretarako gaitasunez hornitzea.

Yolanda Díez Bilboko Udalaren Osasun eta Kontsumo Saileko alkateorde eta zinegotzi ordezkariak nabarmendu duenez, "programa honek, Bilboko Udalaren I. Osasun Planaren gidalerroei jarraituz, Udalaren konpromisoa erakusten du, gazteenak ohartaraztearren eta haiei formazioa ematearren egungo gizartean eta etorkizunekoan ohitura osasungarriak finkatzeko gakoak diren alderdiez".

Sailean osasuna sustatzeaz arduratzen den taldea medikuntzako, erizaintzako eta psikologiako profesionalek eratzen dute, eta laguntza eta gida eskainiko diete irakasleei, beren ikasgeletan gai horren inguruko hezkuntza-saioak ezar ditzaten.

Horretarako, hainbat gairen inguruko materialak eskuratuko zaizkie, hala nola elikadura osasungarria, gorputz jarduera, ongizate emozionala, osasun sexuala edo adikzioen prebentzioa.

Halaber, lehen eta bigarren hezkuntzako ikasleendako tailerrak garatuko dira. Lehen hezkuntzako zikloetan, elikadurari eta gorputz jarduerari buruzko gaiak landuko dira, lehen hezkuntzako laugarren mailako ikasleen artean, eta hazteak gorputzean, psikologian eta gizarte bizimoduan eragiten dituen aldaketei buruzkoak, lehen hezkuntzako 6. mailako ikasleendako.

Bigarren Hezkuntzari dagokionez, Bihotz Biriketako Bizkortzeari buruzko tailerrak eskainiko zaizkie ikasleei (DBHko 4. mailakoei eta Batxilergoko 1. mailakoei). Ikastetxe publikoetan, halaber, tailer hauek eskainiko dira: "Pubertatea: dena aldatzen da” (DBHko 1. mailakoei), eta "Nerabezaroa gaur" (DBHko 4. mailakoei); aldiz, itunpeko ikastetxeetan "Osasun afektibo-sexuala" tailerra eskainiko da (DBHko 3. mailakoei), eta oinarrizko graduko eta gradu ertaineko formazio-zikloetakoei ere bai.

Ikastetxe publiko eta itunpekoetan, halaber, adikzioak saihesteko programa bat eskainiko da, eta, osagaien artean, banan-banako aholkularitza eta gida, tailer indargarriak eta laguntzeko jolas-jarduerak izango ditu.

Sailean osasuna sustatzeaz arduratzen den taldeak, halaber, gai batzuen eta besteen gaineko formazioa hartzeko aukera eskainiko du, bai irakasleendako, bai ikastetxeetan irakasle ez diren langileendako, eta halaber gurasoendako intereseko izan litezkeen gaiak.

Bestalde, ikasturtearen hasieran, hezkuntza zentro guztiekin jarri dira harremanetan, nahiz publikoekin, nahiz itunpekoekin, aholkua, informazioa eta gida eskaintzeko adikzioei buruz.

Programa horretan sartzen da eskolan kutsagarriak diren eritasunak zaindu eta kontrolatzea Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin elkarlanean, eta, halaber, ikasle zaurgarriengan sor daitezkeen arazoei jarriko zaie arreta, adikzioak saihestearekin zerikusia dutenei, besteak beste.

Elikagaien segurtasuna eta kontsumo arduratsua

Beste alde batetik, hezkuntza programaren barruan, bi gai funtsezko ere landuko dira, Sailaren eskumenekoak, hala nola elikagaien segurtasuna eta kontsumo arduratsua.

Hala ikastetxe publikoei nola pribatuei Kontsumo Arduratsuaren gaineko Hezkuntza Programa eskainiko zaie, zeinean hainbat gai lantzen baitira, elikadura jasangarriaren (lehen hezkuntzako 4., 5. eta 6. mailak/bigarren hezkuntzako 1., 2. eta 3. mailak), Ura-baliabide naturala (lehen hezkuntzako 6. maila/ bigarren hezkuntzako 1., 2. eta 3. mailak), eta garraio publikoa (lehen hezkuntzako 5. eta 6. mailak).

Halaber antolatzen da Elikagaien Segurtasunari buruzko Tailer bat, eta haren barnean, Bilboko Udal Laborategira ikustaldi gidatu bat, substantziak, DNA eta PHa identifikatzeko jarduerak (bio-sanitatearen adarreko batxilergoko 1. mailako ikasleendako) eta hainbat antzerki emanaldi ere izango dira, "Bueltaka" antzezlanarenak, eskolan bertan, kontsumoari buruzko gaia landuz (lehen hezkuntzako 3. eta 4. mailak), ikasleei informazioa ematearren eta haiek ohartaraztearren eskubideez eta betebeharrez, eta haiei gida bat eskaintzearren beren kontsumo-ohituren gainean jokabide kritiko eta arduratsu bat izan dezaten.

2022-10-10T15:44:03+02:00
En directo
Onda Vasca En Directo