Polideportivo

Jaworski: “Oso aukera ona zen niretzat”

Donostia oso gustuko duela onartu zuen eskolta estatubatuarrak bere aurkezpenean
Justin Jaworskik 3 zenbakidun kamiseta eskuartean duela

Justin Jaworski, Guuk Gipuzkoa Basketeko jokalari berria aurkeztu zuten atzo Aduna Gardenen. 23 urteko eskolta estatubatuarrak 1,92 neurtzen du, eta Gipuzkoan zein talde donostiarrean emandako lehen egunekin oso pozik agertu zen. “Lehenengo astea hirira pittin bat egokitzen pasa genuen, baina egun zoragarriak izan dira. Emaztea eta biok oso pozik gaude Donostian. Taldekideek ere oso ondo hartu naute”, azaldu zuen.

Aitortu zuenez, pertsonalki esperientzia mesedegarria izango delakoan eta Urrezko LEB ligan partidak irabazteko aukera izateko asmoz hartu omen zuen Jaworskik Estatu Batuetatik alde egin eta Gipuzkoara etortzeko erabakia. “Hiriak berak zerikusi handia izan du hona etortzeko erabakia hartzeko garaian, ikusi orduko gustatu baitzitzaigun”, esan zuen bizitoki berriaz.

Eta denboraldi honetan joka-tzeko beste aukerarik izan arren, amerikarrak argi ikusi omen zuen: “Beste eskaintza pare bat banituen, baina aukera ona iruditu zitzaigun, ez bakarrik maila pertsonalean, baita partidak irabazi eta garaipenak lortzeko ere…”.

Larunbatean Basket Navarraren aurkako lagunartekoan debuta egin eta 20 minutuan sei hiruko sartuta 33 puntu lortu zituen Jaworskik, GBCrekin oso entrenamendu onak egin dituela aipatu du: “Entrenamendu lehiatuak izan dira. Egunetik egunera hobetzen saiatzen gara. Nik ez dut inoiz Europan jokatu, eta nire lehen esperientzia izango da Urrezko LEB ligan. Oraindik ez dut liga behar bezala ezagutzen, baina eskarmentu eta maila handiko jokalariak ditugu. Lehian hasteko irrikaz nago”.

22/09/2022