Buscar
Cultura

“Jendeak beldurra dio bakardadeari, eta bakardadeak berak erakusten dizu aurrera nola egin”

‘Insuladas’ argazki erakusketa ondu du Irene Larrañaga Arruti kazetari eta argazkilariak. Bidaia formatuan planteatuta, Formenteran bakarrik bizitzea hautatu duten emakumeak dira erakusketaren ardatza
Irene Larrañaga argazkilaria.
Irene Larrañaga argazkilaria.

Erabaki propio eta irmoz bakarrik bizitzea erabaki duten emakumeak. Formenterako irlan kokatu, eta bertan bakarrik bizi diren andreekin hizketan garatu du Irene Larrañaga Arruti (Azpeitia, 1972) sortzaileak Insuladas argazki erakusketa. Argazkilariaren hitzetan, bakardade “konkistatuan” bizi diren emakumeen irudiak jaso ditu, irla baten barruan irla direnak. Donostiako Aquariumeko Nautilus aretoan dago ikusgai martxoaren 12ra arte. Irailean, berriz, Formenterara bidaiatuko du, sorlekura.

Argazki errepikakor batetik eratorritako proiektua da ‘Insuladas’. Zein da argazki errepikatua?

2018an, nire artxiboa errepasatzen ari nintzenean konturatu nintzen senari jarraituz emakumeak bakarrik enkoadratzen nituen nire kamerarekin. Esaten da argazkigintzak funtzionatzen duela ispilu bat bezala, eta ni hor konturatu nintzen nire isla zirela emakume horiek. 

Ondoren, argazkiak bihurtu baino lehenago elkarrizketak edukitzen hasi zinen. Norekin?

Topaketak egiten hasi nintzen ni bezala bakarrik bizi ziren emakumeekin. Lehendabizi hasi nintzen gertutik eta sarea zabaltzen joan nintzen. 

Izan ere, Formenteran garatu duzu proiektua. Zergatik?

16 urte daramazkit Formenterara joaten eta kontatu nion hango lagun bati nire proiektua. Esan zidan Formenteran emakume asko daudela bakarrik bizi direnak. Formenterara joan nintzen hurrengoan eman zidan papertxo bat sei izen eta telefono zenbakirekin. Hasi nintzen banaka deitzen eta batek beste batera eraman ninduen eta beste horrek hurrengora. Orduan konturatu nintzen hangoa Euskal Herrikoa baino pisu gehiago hartzen ari zela. Erabaki nuen hangoekin bakarrik egitea proiektua.

'Insuladas' erakusketan agertzen den emakumeetako bat.

'Insuladas' erakusketan agertzen den emakumeetako bat. Irene Larrañaga

Eta non geratu dira Euskal Herriko emakume guzti horiek?

Eraikitzen ari den proiektu bat da. Orain erakusketa forma hartu du, baina nik ikusten nuen gehiago argazki liburu bat bezala. Baliteke etorkizunean hangoak eta hemengoak elkartzea eta proiektu handiago bat egitea.

Bakardade hautatua da ardatza. Nola bizi dute bakardadea Insuladek?

Beraien bakardadea osotasunean bizi duten emakumeak dira; hau da, gustura bizi dira erabaki horren ostean. Hautu bat egin dute bakarrik bizitzeko, ez da beste gertaera baten ondorio. Bakardade konkistatuan bizi diren emakumeak dira. 

Aldarrikapen bat ere bada Insuladas

Bai. Erabaki hau hartzen duten emakumeek badakite borroka pixka bat egin behar dutela. Nik argazkiak egin baino lehen galdetegi bat egin nien emakume hauei, bakardadearen inguruan. Errepikatzen diren hitz batzuk daude galdetegi hauetan: independentzia, askatasuna, autonomia eta beti ere bakardadea ez zerbait txarra bezala ulertuta, baizik eta bakardade horrek ematen dizun beldurra gainditzeko indarra. Jendeak beldurra dio bakardadeari eta bakardadeak berak erakusten dizu aurrera nola egin. 

Emakume askok osatzen dute Insuladas, baina aretoan gutxi batzuk daude. Zergatik?

38 emakumek osatzen dute Insuladas, baina paretetan bost emakumeren erretratuak daude. Eta gero beste emakume dezente daude proiekzio batean. 

'Insuladas' erakusketako paisaia bat.

'Insuladas' erakusketako paisaia bat. Irene Larrañaga

Erakusketan, ordea, badaude emakumeen erretratuez gain, beste zenbait argazki.

Erakusketetan pertsonen erretratuak izaten dira formatu txikian eta paisaiak formatu handian. Nik alderantziz egin dut. Erretratuak dira oso handiak eta paisaiak, berriz, txikiagoak. Baina, emakume horiekin alboan, pegatuta , diptikoa sortuz beste irudi bat dago. Diptiko horietako bi irudiek osatzen duten hirugarren bat. Emakumeak erretratatu eta ezagutu ondren, kamera hartu eta irlan bertan paseatzera joaten nintzen. Beraiekin bizitako sentsazioak edo sentimenduak irlan bertan jasotzeko. Irla ere bada modu batean protagonista. Bost emakumeetatik bakarra dago bakar bakarrik, Barbara, besoak zabalduta. Niretzako da askatasunaren irudia. 

Irlara bidaiatuz sortua, eta bidaia bera da erakusketa, ezta?

Aretoan sartzen zara Formenterara joateko. Irlara itsasoz joan behar da, eta ni joaten naizenean irlara itsasoa askotan topatzen dut mugitua. Horrela hasten da bidaia. Erakusketako azken argazkia, berriz, da itsasoa baina lasai. Asmoa da jendea sartzea erakusketara erritmoa pixka bat jaistea eta bertatik ateratzean bioritmo pixka bat lasaituagoarekin. Beste bi joko daude erakusketan. Argazki txiki serie bat dago eta gero argazki handi bat, eta horrela segidak. Argazki txikiak ikusteko paretara hurbildu behar zara, eta, handiak ikusteko, berriz, atzera egin behar duzu. Oinek egiten dute itsasoko olatuek egiten duten joan etorri berdina. Azkenik, aretoaren epizentroan jarri dut argazki eskultura bat, iparrik gabeko iparorratz bat. Beraiek kontatu didate erabaki hori hartzerakoan iparrik gabe sentitu direla, eta modu baten edo bestean denok gara irla eta iparrik gabe inoiz bizitzan denok egoten gara. 

Nora bidaiatuko du bisitariak?

Nahiko nukeena da bidaia oso bat izatea: besteen bakardadera, zure bakardadera eta baita ere irla batera egiten duzun bidaia.

2023-03-03T17:06:03+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo