Jesus Mari Martiarena, Lezoko alkatea, izango da EAJ/PNVren Alkatetzarako hautagaia eta zerrendaburu maiatzeko hauteskundeetan, Lezoko Uri Buru Batzarrak hala erabakita.
Martiarena pozik agertu da izendapenarekin: “Lezoren alde lanean jarraitzeko prest naiz. Asko egin dugu, baina asko dugu egiteko. Zuen konfiantzari esker, Alkatetzatik eta Udaletik Lezo hobe bat eraikitzen ari gara, herri irekia, bere herritarrentzat ongizatea eta aukerak bilatzen dituena”.
Alkateak azpimarratu duenez, “gure kudeaketarekin, Udala zor-egoera batetik kontuak saneatua izatera igaro da, eta aldi berean, zerbitzu hobeak garatu eta Lezorentzat eta herritarrentzako inbertsioak egin ditugu”. Azaldu duenez, hori guztia lortu da zergak eta tasak igo gabe, desgrabazioak eta zerga onurak eskainiz. Honela, bere hitzetan, tokiko ekonomia indartu eta familien eta kolektibo kalteberarentzako arreta hobetu da inbertsioak eginez.
“Lezoren eta bere herritarren alde lan egiten dugu, hurbiltasunetik, gardentasunez eta zintzotasunez, parte-hartzea sustatuz. Alkatetzatik eta gobernu taldetik, zorroztasunez, eraginkortasunez eta efizientziaz gobernatzen dugu, Lezoren zerbitzura”, azpimarratu du Martiarenak.