Joana Mendiboure Garaiar izango da maiatzaren 28ko udal hauteskundeetan Oiartzungo EH Bilduren alkategaia, gaur egungo alkatearen, Jexux Leoneten, erreleboa hartuta.
Otsailaren 2tik 4ra egindako bozketan, alderdiko militanteek aho batez onartu zuten Hauteskunde Batzordeak egin zuen proposamena.
“Oiartzun hobea eraikitzeko herrigintzan esparru ezberdinetan egindako lanagatik eta arlo profesionalean duen eskarmentuagatik azken urteetan EH Bilduk Udalean egin duen lanari jarraipena emateko zerrendaburu ezinhobea da”, azpimarratu dute. Izan ere, herrigintzan ibilbide luzea du: elikadura burujabetzan eta feminismoan bereziki.
Mendibourek 46 urte ditu eta Ugaldetxo auzoan bizi da. Baionan egin zituen Euskal Ikasketak eta Humanitateak eta enpresa ikasketak, berriz, Eskoriatzan. Euskalgintza, kultura, komunikazioa eta kudeaketa izan dira bere lan-esparruak: besteak beste Udako Euskal Unibertsitateko prentsa bulegoan, Elhuyar aldizkarian eta Bertsozale elkartean egin du lan. 2006an komunikazio enpresa propioa sortu zuen Oiar-tzunen. Gaur egun Orioko Herri ikastolako irakasle da.