Buscar
Actualidad

'Joanes Etxeberri Andereñoen Erresidentzia' liburua plazaratu du Pakita Arregik

Euskaraz irakatsi ahal izateko jasotako formakuntza klandestinoa islatzen du idazkiak
Pakita Arregi (erdian), 'Joanes Etxebrri Andereñoen Erresidentzia' liburuaren idazlea, zentro hartatik pasatako hainbat irakasle-ohiz inguraturik.
Pakita Arregi (erdian), 'Joanes Etxebrri Andereñoen Erresidentzia' liburuaren idazlea, zentro hartatik pasatako hainbat irakasle-ohiz inguraturik.

Frankismoaren zentsura ekiditeko, erresidentzia zirudien eskola gisa eratu zen Donostian 1960ko hamarkadan, ikastoletarako irakasle euskaldunak formatu zituen espazioa. Joanes Etxeberri Andereñoen Erresidentzia hamarkada batez aritu zen lan honetan buru belarri, eta bere biziraupenak mugatua badirudi ere, haren jarduna egungo irakaskuntza euskaldunaren aurrekari eta oinarrietako bat dela azpimarratu behar da.

Erresidentziak ateak itxi zituela mende erdi igaro ostean, han jazotako bizipenak eta ekimenak gogoratu eta memoria kolektiboan ezarri nahian, Joanes Etxeberri Andereñoen Erresidentzia plazaratu du Pakita Arregik, Txertoa argitaletxearen eskutik. Liburua Foru Aldundian aurkeztu dute ostiral honetan; idazleaz gain, Garbiñe Mendizabal, Hizkuntza Berdintasuneko zuzendaria, eta Martin Anso, Txertoako editorea ere bertan izan dira. Garai hartan erresidentziatik pasatako hainbat irakasle ohi ere ondoan izan dituzte.

Arregi, soziologia eta politika zientzietan doktore eta EHUn katedradun izateaz gain, erresidentziaren zuzendari ere izan zen. Bera arduratu da hainbeste pertsonek bizitakoari forma emateaz eta, horregatik, idazlan horretan Joanes Etxeberri Andereñoen Erresidentziaren nondik norakoak aipatzeaz gain, funtsezko izandako hainbat pertsonen figura ere goraipatu du. “Liburua lan xumea da, baina guretzat garrantzia handikoa, gure bizitzako zati interesgarrienetako bat han dagoelako”, aitortu zuen atzo.

Erresidentzia 1964an zabaldu zen Donostiako Gros auzoan. Frankoren diktadura boterean zegoen artean, eta bai hezkuntzak eta bai euskararen erabilpenak zentsura eta debeku latzak jasaten zituzten. Egitasmo hark bi kontzeptu horiek elkartzen zituenez, bada, zer esanik ez. Ordurako baina, klandestinoki martxan zeuden ikastolak Euskal Herrian zehar hedatzen hasiak ziren eta arazo batekin egin zuten topo: euskaraz irakatsiko zuten profesionalak falta ziren. Escuela Normal de Magisterio (Magisteritzako Eskola Normala) delakoan ikasitakoen profila ez zen gehienetan nahikoa izaten; asko erdaldunak ziren eta, sortzez euskaldunak izanik ere, eta hainbatek euskal kulturaren ezagutza premia zuten.

Hutsune hura betetzea izan zen ikasketa zentro klandestino horren egitekoa. Beti ere, eta haien lana gaitzetsi zutenek esandakoari kontrajarriz, arauturiko formakuntzaren osagarri bezala; alegia, handik pasatako emakumeek aurretik Magisteritza Eskolako titulua behar zuten izan edo, bestela, ikasketa horiek egiten aritu, behintzat. Bestalde, erresidentzia hitza oso egokia zen leku hura deskribatzeko, bertan ikasten zutenak ere hantxe geratzen baitziren lotan.

Lehenengo urtean zortzi ikasle izan zituztela ekarri zuen gogora atzo Arregik, baina urtero kopuru hura hazi egiten omen zen. Izan ere, “arrakasta handia izan zuen, gehienbat, jende gaztearen artean”. Andereñoentzako ikasketez gain, hitzaldiak eta bestelako hainbat kultura ekitaldi ere antolatu ohi zituzten. Hala, abeslariak, idazleak, poetak eta intelektualak ere gerturatu zitzaizkien; Ez Dok Amairu taldeko kideak, esaterako.

Bidearen amaiera

1973a iritsi zen eta, urte hartantxe itxi zen erresidentzia. “Aldaketa garaia zen”, Ansok azpimarratu zuen lez, eta “denek ez zituzten maila berean onartu”. Ikastolen mugimenduaren baitan “arrakala” sortu zuten bi gai nagusiak euskara batua eta laikotasuna izan ziren, eta andereñoen prestaketaren zentro honen “akaberaren arrazoia”.

Joanes Etxeberri Andereñoen Erresidentzia liburua Foru Aldundiak babesturiko ekimena da, Berdintasunerako zuzendaritzak eta Hizkuntza Berdintasunerakoak bideratutakoa. Arregik “istorio xume bat” zela esan arren, “bere xumetasunean, oso handia” dela adierazi zuen Mendizabalek. “Ikaragarri ausart jokatu zuten herritar batzuen historia kontatzen digu, gure hezkuntzaren eta hizkuntzaren historian pasadizo xume eta, aldi berean, handi baten kontakizuna”.

2022-10-29T17:40:03+02:00
En directo
Onda Vasca En Directo