Araba

Jokin Bildarratzek Hizkuntza Eskola Ofiziala bisitatu du

Euskadiko hizkuntza-eskola ofizialek ekin diote 2022-2023 ikasturteari
Jokin Bildarratzek Hizkuntza Eskola Ofiziala bisitatu du

Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratz Gasteizko Hizkuntza Eskola Ofizialean izan zen atzo goizean, Hizkuntzen Europako Eguna zela eta. Ospakizun horrek bat egin du aurten Euskadiko hizkuntza-eskola ofizial guztietan eskola-jarduera hasteko egunarekin. Ikastetxeko zuzendaritza lagun zuela, Bildarratzek aukera izan zuen Gasteizko HEOko instalazioak bisitatzeko eta 2022-2023 ikasturteko lehen goizean bertako ikasgela batzuetara hurbiltzeko.

Hala, 2001. urteaz geroztik, Kontseilu Europarrak eta Europako Batzordeak erabakita, Hizkuntzen Europako Eguna ospatzen da urtero irailaren 26an. Europako Batasuneko adin guztietako herritarren artean hizkuntzen etengabeko ikaskuntza sustatzea da helburu nagusia. “Euskal Autonomia Erkidegoko 14 hizkuntza-eskolek urtero bat egiten dute ospakizun horrekin; hizkuntzen irakaskuntza eta ikaskuntza-zentro gisa egiten duten lana nabarmenduz, eta hizkuntzek komunikazioa errazteko edo enplegu-eskaintza berriak eskuratzeko tresna gisa betetzen duten zeregina agerian utziz, ez bakarrik Europako herrialdeetan, baita gero eta globalizatuagoa eta elkarri lotuagoa dagoen mundu zabalean ere”, azaldu zuten atzo Eusko Jaaurlaritzatik.

Euskadin 14 hizkuntza-eskola ofizial daude, eta bertan zortzi hizkuntza irakasten dituzte guztira: ingelesa, euskara, frantsesa, alemana, espainiera, italiera, portugesa eta errusiera, A1 mailatik C1 mailara. 2021-2022 ikasturtean 23.300 ikasle izan ziren matrikulatuta esko horietan, eta horiei beste 6.240 gehitu zi-tzaizkien matrikula librean, aipatutako hizkuntzetako batean maila-ziurtagiri bat lortzeko helburuarekin. “Gasteizko HEO Euskadiko hizkuntza-eskola ofizialen sarea osatzen duten 14 ikastetxeetako bat da. Bost hizkuntza irakasten ditu (ingelesa, frantsesa, euskara, gaztelania eta alemana), bi egoitzatan banatuta: alde batetik, egoitza nagusia Lasarteko Atean dago (Mendizabala LHIIren ondoan), eta, bestetik, Pio Barojako egoitza. 53 irakasle arduratzen dira horietan eskolak emateaz. Pasa den ikasturtean 3.800 ikasle inguru izan zituzten Gasteizen, eta matrikula libreko ia beste mila ikasle izan ziren”, jakinarazi zuten.

“Ikastetxeak, batez ere, aurrez aurreko modalitatean ematen ditu eskolak, ikasleak astean hainbat egunetan bertara joaten direla. Azken urteetan gora egin du ikastaro trinkoen nahiz erdi-presentzialen eskaintzak. Azken hauek astean egun batean eskoletara bertaratzea eta online modalitatea konbinatzen dituzte”, gaineratu zuten. Joan zen irailaren 23an, ostiralean, amaitu zen hizkuntza-eskola ofizialetako plazak esleitzeko lehen fasea, onartutako ikasleen behin betiko zerrendak argitaratuta. Hala ere, interesa duen edonork izena eman dezake oraindik urtarrilaren 31ra bitartean, libre dauden plazak hartzeko.

Etiquetas
28/09/2022