Buscar
Navarra

Jon Alonsoren ‘Amaiur bat urtero’ nobela beltza aurkeztu dute Amaiurren

500. urteurrenaren harira Amaiurko Gaztelu Elkarteak egindako enkargu baten emaitza da
Elurre Iriarte, Jon Alonso eta Ixabel Aleman, ortziraleko aurkezpenean.
Elurre Iriarte, Jon Alonso eta Ixabel Aleman, ortziraleko aurkezpenean.

Marianito baten bueltan sortu zen ideia, eta buruari gehiago eragin ondotik, hari mutur guztiak lotu eta Jon Alonso idazle iruindarrari Amaiurren kokaturiko nobela beltz bat idaztea proposatu zioten. Alonsok pentsatzeko tarte laburra hartu eta proiektuari ekin zion.

Emaitza, ortzirale ilunabarrean aurkeztu zuten Amaiurko Gaztelu elkartean, ‘Amaiur bat urtero’ liburua.

Amaiurko Gaztelu Elkarteak argitaratu du liburua, (H)ilbeltza elkarteko Elurre Iriartek eta Juantxo Agirre-Mauleonek koordinatuta. Dena den, ortziralean Amaiurko Gaztelu Elkartean egindako aurkezpenean adierazi zutenez, jende aunitzek hartu du parte proiektuan, erraterako, azala eta barneko ilustrazioak Joseba Larretxe Berazadik egin ditu, diseinua eta maketazioa Malmö ilustrazioak&diseiuak egin du, eta lehenbiziko irakurlea Gorka Arrese izan zen. Hain zuzen ere, Jon Alonsok, Arresek egindako lana nabarmendu zuen.

Amaiurko Gazteluko guduaren 500. urteurrenaren harira antolatutako ekitaldien baitan kokatzen da liburu hau, urtean zehar egindako bertze ekimenekin batera. Honen inguruan mintzo zen Ixabel Aleman, Amaiurko alkatea, urte bete-bete honetan Amaiurren egindako ekimenak zerrendatu zituenean.

Alonsok, bere aldetik, eskertu egin zuen Amaiurko herria halako gertakari historikoak ezagutarazteko egindako lanarengatik, eta balorean jarri zuen bera bezalako sortzaileek bide horretan lan egitea ahalbidetzea.

Elurre Iriartek, bertzalde, Jon Alonsoren lana goraipatu zuen, lehenagotik ere lan aunitz eta onak egin dituela gogora ekarriz. Iruindarra euskal idazle nabarmenetarikoa zela adierazi zuen, bere lehenbiziko bi nobelak argitaratu zituenetik, “Katebegi galdua” (1995) eta “Camembert helburu” (1998). Artikuluen, ikerketen eta saiakeren egilea da Alondo, bai eta ofizio handiko itzultzailea ere, hark euskaratuak baitira Julio Cortázar, José Saramago edo Claude Lévi Strauss bezalako idazleen hainbat lan ezagun. Nobela beltz generoko liburu bereziak idatzitakoa ere bada Alonso, hala nola “Zintzoen saldoan”(2012) eta “Hiri hondakin solidoak” (2015); genero horretakoa da “Amaiur bat urtero” nobela ere.

Azkenik, liburuari buruzko azalpen batzuk eman zituen Alonsok, dena kontatu gabe, “bestela ez duzue irakurriko”, erran zuen irri artean.

Film bat grabatzen ari dira Baztanen, amodiozko istorio gartsu bat da, orain dela 500 urte setiatua izandako Amaiurko gazteluan, Nafarroako erresuma menderatzeko gerran. Maitaleen desira eta ustekabeko heriotza bat dira Jon Alonsoren nobela berri hau azkartzen dutenak. Lan taldeko pertsonaia desberdinek egiten dute kontakizuna, bakoitzak hilketaren ingurukoak azalduz eta grabatzen ari diren filmaren bidez 500 urteko gertakariak nolakoak izanen liratekeen kontatuz.

Amaiurren egindako aurkezpenaren ondotik, abenduaren 14ean Iruñeko Zaldiko Maldiko elkartean eginen dute liburuaren aurkezpena, 19.00etan

2022-12-04T16:47:03+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo