Hilaren 30ean, 20.15ean, Jon Maiak Kantu bat gara kontzertua egingo du Zumarragako Zelai Arizti aretoan. Maiak beste musikari batzuentzat idatzi dituen kantak abestuko ditu. Berarekin joko duten musikarien artean Gorka Hermosa egongo da. Kontzertua gaixotasun arraroen alde izango da. Hala, Endika Altzelaik, Muevete por los que no pueden elkartea ordezkatuz, testu bat irakurriko du. Gainera, herritarrek diru-laguntza emateko aukera dute. Dirua La Caixaren ES79 2100 0615 8402 0041 8281 kontuan sartu behar dute.
Altzelairen alabak, Erinek, Ehlers-Danlos baskularra du. Gaitz honek bere sistema baskularreko kolagenoari eragiten dio. Altzelaik eta Mikel Serrano alkateak prentsaurrekoa egin zuten ostegunean hilaren 30eko kontzertuaren izaera solidarioa ezagutzera emateko.
Serranok udalak Muevete por los que no pueden elkarteari 5.000 euro eman dizkiola azaldu zuen. 5.000 euro horiek ikerketa beketara bideratuko dira.
Alkateak Maiari eskerrak eman zizkion, kontzertua gaixotasun arraroak ikusarazteko erabiltzea baimendu duelako. Eta herritarrak kontzertura joatea eta diru-lagun-tzak ematera animatu zituen.
Altzelaik 7.000 gaixotasun arraro baino gehiago daudela eta beste askok oraindik ez dutela diagnostikorik esan zuen. “Muevete por los que no pueden gaixotasun hori dutenek eta beraien senitartekoek osatzen dute. Helburua gaixotasun horiek ezagutzera ematea eta iker-tzea da”. Erakundeei osasunean inbertitzeko eskatu zien.
Horretaz gain, Udalari, Serranori eta Maiari eskerrak eman zizkien. “Jonentzat eta biontzat kontzertua oso berezia izango da: solidarioa delako eta lagunak garelako. Mikelek, Jonek eta hirurok elkarrekin ikasi genuen ikastolan. Gorka Hermosa ere ez dut ahaztu nahi, elkarrekin eman baikenituen lehen pausoak musika munduan”.