Azken urteetan Bizkaia eta haren balioak sustatzeko egindako ekarpenak saria izan du Barrikan jaiotako Jon Rahm golflariarentzat. Ostegun honetan, abenduak 15, Bizkaitar Argiaren domina jaso egin du Bizkaiko Ahaldun Nagusi Unai Rementeriaren eskuetatik.
"Bere sorterrian erro sendoak izanik mundu osoan hazi den gizona da. Hala, izaera hori inspirazio-iturri izan da aldundi honentzat: Bizkaira irmoki lotuta badago ere, mundura irekita eta konektatuta dago. Jon Rahmek hori islatzen du ere bai. Maila goreneko kirolaria, bost kontinenteetan ezaguna eta joaten den toki guztietan miretsia. Erreferentea eta ispilua da, baina beti agertzen da bere herriaz, Barrikaz, harro, bai eta bere lurraldea den Bizkaiaz ere. Munduko bizkaitar bat eta mundua bizkaitar batean. Hori da Jon Rahm niretzat, gure ustez Bizkaitar Argia izendatu beharreko bizkaitar aparta", azaldu du Ahaldun Nagusiak.
Unai Rementeriak gogorarazi du hizpide dugun saria duela sei urte eman zela azkenekoz, golf-jokalari profesional gisa hasi zenean, garaileen zerrenda marka bikaina lortu ondoren. Adierazi duenez, sei urte hauetan egindako esfortzuari eta lanari esker, oztopoak gaindituz, kirolari gisa amesten zuen unera heltzea lortu du. "Ametsak amestu behar dira, bai, baina egunez egun landu behar dira, bai kirolean, bai Administrazioan, bai bizitzan oro har. Hala, Jonek amestu du, baina, batez ere, lan egin du. Hori da, hain zuzen ere, gaur aintzatetsi nahi duguna: munduko bizkaitarra dugula, arrakastatsua, horretaz harro dagoena; lan handia egin duen bizkaitarra, ekin eta ekin aritu dena, inoiz amore eman ez duena. Gure herriaren eta lurraldearen balio nabarmena da hori, eta hala jarraitu behar du. Balio hori zabaltzen eta helarazten jarraitu behar dugu, bereziki gure gazteen artean. Hori dela eta, garrantzitsua da ispiluaren beste aldean Jon bezalako gaztea ikustea, bera bezalakoa izan nahi izatea eta bere arrakasta lortzeko modua ezagutzea: amets eginez, bai, baina lan handia eginez ere bai", azpimarratu du.
Jon Rahmen ibilbidea
Jon Rahm Barrikan jaio zen, 1994ko azaroaren 10ean, eta gure lurraldearen enbaxadore handia da; esker oneko, harrotasuneko, maitasuneko eta errespetuzko hitzak zuzentzen zaizkio beti, eta familia eta lagunartean egoteko itzultzen da ahal duen guztietan. Lan-jarduera Bizkaitik urrun egiten badu ere, beti agertu da prest Bizkaian golf-jokalari gazteen artean kirol hau sustatzeko jardueretan nahiz gizarte-inklusioko proiektuetan parte hartzeko.
Golfarekiko zaletasuna bere aitagandik jaso zuen; 1997an, Valderraman egin zen Ryder Cup txapelketara joan zen eta horren harrituta geratu zen Europako taldearen garaipena zuzenean ikustean, ezen Larrabea Golf Klubeko bazkide egin baitzen (Landa, Araba). 2004an, Jon Rahmek lehen urratsak eman zituen Martiartu Kirol Klubean (Erandio) eta, ondoren, bere aita bazkide egin zen klubean. Oso txikitatik nabarmendu zen lurraldeko, autonomia-erkidegoko eta Estatuko txapelketetan eta, ondorioz, Espainiako Errege Federazioak bere taldeetan sartu zuen.
Egindako kirol-ibilbide bikaina eta erakutsitako talentua direla-eta, Arizonako Estatu Unibertsitateak (ASU, ingelesezko siglengatik), zeina AEBko golf-akademia ospetsuenetako baten egoitza baita, ikasketa-beka bat eskaini zion, bera jokatzen ikusi barik ere (ez zuen sekula horrelako eskaintzarik egin baldintza horietan). Rahm 2012ean hasi zen unibertsitate horretan, eta bertan egon zen lau urteetan zehar hamaika txapelketa irabazi zituen, ondoz ondoko bi alditan Ben Hogan sari ospetsua jaso zuen, zeinak golf-jokalari amateur onena aitortzen baitu (ordura arte ez zuen beste jokalaririk hori lortu), eta 50 astez egon zen munduko amateurren sailkapenaren lehenengo tokian; hala, marka lortu zuen, ondoz ondoko aste-kopururik handienean egon baitzen postu horretan.
2016an, urte horretan Open USA txapelketan amateur onena izan ostean, esparru profesionalera egin zuen jauzi, non zazpi garaipen lortu baititu PGA TOUT txapelketetan eta zortzi European Tour-ean. Golf-jokalari profesional gisa egindako ibilbidean, honako mugarri hauek dira aipatzekoak: 2020ko uztailean lehenengo postua lortu zuen PGA golf-txapelketako munduko sailkapenean, Memorial Tournament (Ohio) irabazi ostean (hori lortu duen Estatuko bigarren kirolaria izan da, Severiano Ballesterosen ondoren, eta bosgarren gazteena, Tiger Woods, Thomas, McIlroy eta Spiethen ondoren); 2021eko ekainean, lorpen gogoangarria izan zuen, AEBko Irekia irabazi zuen Estatuko lehen golf-jokalaria izan baitzen, zeina hizpide dugun kiroleko lau txapelketa nagusienetako bat baita; 2020an, Tokioko Joko Olinpikoetan lehiatzeko hautatu zuten, baina azkenean ezin izan zuen parte hartu covid-19 gaitzan positibo emateagatik.
Gaur egun, munduko sailkapeneko bigarren tokian dago.