Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalaurrekoak argitu dira, asteburuan jokatutako lehenengo faseko azken saioen ondoren. Larunbatean Donostian eta atzo Lizarran ospatu ziren azken bi final-laurdenak: lehenengoan Jone Uriak eskuratu zuen garaipena eta bigarrenean Aitor Bizkarrak. Hala, bi hauek zuzeneko pasea eskuratu dute hurrengo faserako, eta bidenabar argitu da puntuazio bidez igaro diren bertsolarien zerrenda ere.
Larunbatean Donostiako Victoria Eugenia antzokia lepo bete zen txapelketako lehen faseko bosgarren saioa jarraitzeko. 888 bertsozale, denetara, Leire Garatxek gidatu zuen saioan. Eszenatoki gainean, sei bertsolari: Aitor Etxebarriazarraga Gabiola, Beñat Iguaran Amondarain, Onintza Enbeita Maguregi, Maddalen Arzallus Antia, Eñaut Martikorena Lizaso eta Jone Uria Albizuri.
Ariketa puntuagarri guztiak bukatu ondoren, Jone Uria izan zen puntu gehien bildu zituen bertsolaria, 706 hain zuzen. Haren atzetik geratu ziren Onintza Enbeita 688 punturekin, Aitor Etxebarriazarraga 682,5 punturekin, Maddalen Arzallus 678 punturekin, Eñaut Martikorena 674,5 punturekin eta Beñat Iguaran 659 punturekin.
Beraz, Irungo finalaurrekoan kantatuko du Jone Uriak azaroaren 5ean, Sustrai Colina, Nerea Ibarzabal eta puntuazioz sailkatu diren beste hiru bertsolariekin batera: Ane Labaka, Maddalen Arzallus eta Miren Artetxe.
Atzo, aldiz, Lizarrako Los Llanos kultur-gunean bildu ziren zaleak lehenengo faseko azken saioa jarrai-tzeko. 500 bertsozaletik gora aurrean, aretoa beteta zegoela kantatu zuten sei bertsolariek Amaiur Lujanbio Agirre gai-emaileak gidatutako saioan: Imanol Uria Albizuri, Asier Azpiroz Iztueta, Iñigo Man-tzizidor Larrañaga Mantxi, Unai Gaztelumendi Arandia, Aitor Bizkarra Ruiz eta Maialen Akizu Bidegain.
Aitor Bizkarrak lortu zuen puntu gehien pilatzea: 693,5 puntu. Jarraian geratu ziren Asier Azpiroz (666 puntu), Maialen Akizu (658,5), Imanol Uria (652 puntu), Unai Gaztelumendi (630,5) eta Iñigo Man-tzizidor Mantxi (622,5).
Beraz, Aitor Bizkarrak zuzenean lortu du finalaurrekoetarako txartela eta Durangoko finalaurrekoan kantatuko du azaroaren 12an. Bertan arituko da txapelketako aurreko edizioko finalista izan ziren Aitor Mendiluze eta Beñat Gaztelumendirekin, eta puntuazioz sailkatu diren Eñaut Martikorena, Julio Soto eta Saioa Alkaizarekin batera.
Finalaurrekoetarako sarrerak dagoeneko eskuratu daitezke www.bertsosarrerak.eus atarian. Halaber, saio bakoitzeko sarrerak saioak jokatuko diren egunetan ere jarriko dira salgai, txarteldegian, betiere aurretik agortzen ez badira.