Irungo Udaleko Euskara zerbitzuak Jose Antonio Loidi ikerketa bekaren 17. edizioa deitu du. Ekimen honek omenaldi bat izan nahi du adopzioz eta bihotzez bidasoarra zen ikertzaile eta idazlearentzat, orain hogeita sei urte zendu zena. Horretarako, bekak euskaraz egindako ikerketak suspertu eta bultzatu nahi diu hainbat esparrutan, Loidik bere bizitzan zehar landutakoa.
Josu Iguiñiz Euskara ordezkariak herritarrei parte hartzeko deia egin die: "Bi urtero antolatzen den ikerketa beka berriro gure artean dugu eta aukera aproposa eta polita da gure hizkuntzako xehetasunak azaleratzeko. Hainbat gai ezagutzeko aukera izan dugu azken urteetako irabazleekin: Irungo euskara, hiriko gune berdeak, bertsoak eta bertsolariak, irakurzaletasuna… Horrelako lanak oso interesgarriak dira hiritarrentzat eta hiriarentzat, euskara eta Irun goraipatzen baitugu".
Ikerketa esparruak
Bekarren ikerketa esparruak antropologia, filologia, toponimia, literatura, osasun publikoa, hidrologia eta botanika izango dira, eta proiektua, azterlana zein memoria euskaraz egin behar izango dira. Bekaren iraupena hamabi hilabetekoa izango da eta diruzenbatekoa 9.000 eurokoa. Ikerketa-lana originala eta argitaratu gabea izan beharko du.
Bestalde, norbanakoek edo taldeek eska dezakete beka, baldin eta unibertsitateko gradua eta EGA agiria edo baliokideak badituzte. Aurkezteko epea martxoaren 24ra arte egongo da zabalik, eta oinarriak, informazioa eta eskaera-orri eredua udal webgunean aurkitu daitezke.
Jose Antonio Loidi Bizkarrondo
Jose Antonio Loidi Bizkarrondo (Errenteria, 1916-Irun, 1999), Farmaziako ikasketak egin eta Irunen botikari-plaza 1943an lortu zuenetik, antropologia, filologia, toponimia, literatura, osasun publikoa, hidrologia eta botanikari buruzko ikerketa ugari egin zituen eta urteetan euskal literatur eta zientzia aldizkarietako kolaboratzailea izan zen.
Besteren artean, Irungo etxeetako edateko ura aztertzeko ardura egokitu zitzaion eta seguruenik horrek eta bere jakinmin ase ezinak hidrologiaren inguruko hainbat ikerketa egin eta argitaratzea bultzatu zuen.
Lan zientifikoak denbora tarte nahikoa uzten zioenean ipuinak eta artikuluak ere idazten zituen euskal literatura eta zientzia aldizkarietarako (Egan, Zeruko Argia, Jakin, Olerti, La Voz de Euskadi, Uranzu, Bidasoan...).
1955ean, Loidik lehen euskal eleberri poliziakoa idatzi zuen, ‘Hamabost egun Urgainen’, euskara hutsean. Horri esker, Euskaltzaindiak antolatutako lehiaketan aipamen berezia jaso zuen eta euskaratik katalanierara itzulitako lehenengo eleberria izan zen. 1957an Euskaltzain urgazle izendatu zuten eta 1998an ohorezko kide.
Euskaltzalea, Irungo Ikastolaren sortze lanetan eta Guda Zibilaren ondorengo lehenengo Euskal Jaien (1966) antolakuntza lanetan ere aritu zen.
Loidi 1999ko uztailaren 9an zendu zen Irunen, berak sortutako Luis de Uranzu Kultur Elkartearen ohorezko presidente zelarik. Urte horretan bertan Irungo Udalak Jose Antonio Loidi Ikerketa Beka sortzea erabaki zuen.