Urretxu eta Zumarragako udalek 2023ko arte eszeniko egitarauaren berri eman dute. Helduentzako ikuskizunei dagokienez, bederatzi saio egongo dira. Hilero saio bat egongo da, urtarrilean, uztailean eta abuztuan izan ezik. Guztiak hileko lehen ostiralean izango dira. Ekainaren 2an La dramática errante taldeak Altsasu lana an-tzeztuko du eta irailaren 1ean Joseba Apaolaza aktore urretxuarrak Sagastitarrak lana ekarriko du.
Altsasu Nafarroako herri horretako auzian oinarritutako antzezlana da. Sagastitarrak antzezlaneko protagonistak, berriz, goi burgesiako familia batetako kideak dira. Alaba giza ekintzaile feminista da, bere lehen abizena aldatzea erabaki du eta bere amarenaren alde egin du. Familia buruarentzat (Joseba Apaolaza) ulertezina da eskualdean tradizio handikoa den Sagasti abizena aldatu nahi izatea. Abizenari segida emateko, amarru eta martingala guztiak erabiliko ditu.
Urteko gainontzeko ikuskizunei dagokienez, otsailaren 3an La Roca taldeak Porno komedia antzeztuko du, martxoaren 3an Antton Telleriak Nekatutak bakarrizketa, apirilaren 14an Txalo taldeak Lehendakari gaia, maiatzaren 5ean Spectare Teatrok La verdadera historia de la muerte de Franco, urriaren 6an Arima Soul taldeak jazz, soul eta funk kontzertua egingo du, azaroaren 3an Yllana konpainiak Trash lana an-tzeztuko du eta abenduaren 1ean Las niñas de Cádiz taldeak El viento es salvaje lana taularatuko du. Emanaldi guztiak 20.15ean hasiko dira, Zumarragako Zelai Arizti aretoan.
Sarrerak eta bonuak
Sarrerek 10 euro balio dute, baina Gazte Txartela aurkezten dutenek 7 euro bakarrik ordainduko dute. Gainera, antzerki saioaren egunean, 19.45etik 20.15era, 30 urtetik beherakoek 5 euro bakarrik ordainduko dute.
Emanaldi guztiez gozatzeko aukera ematen duen bonuak 70 euro balio du. Euskarazko saioetarako bonuak, berriz, 35 euro balio du. 2022ko bonua mantendu nahi dutenek hilaren 16an Zelai Arizti kultur etxera jo behar dute 10.00etatik 13.30era eta 15.00etatik 18.30era. 2022ko bonua aurkeztu behar dute. 2022ko bonua eduki arren aldatu nahi dutenek, hilaren 18an jo behar dute kultur etxera, ordutegi berean. Horiek ere iazko bonua aurkeztu behar dute. Bukatzeko, aurten lehenengoz bonua erosi nahi dutenek eta euskarazko saioetarako bonua erosi nahi dutenek, hilaren 21ean jo behar dute kultur etxera: 10.30etik 13.00etara.