Elkar Taldean poztasunez jaso dute asteazken goizean Foru Aldundiak emandako albistea: Gipuzkoako Urrezko Domina beraientzat da 2022 honetan, euskararen eta euskal kulturaren alde eginiko lana aintzatesten duena. "Ez genuen espero", aitortu dio egunkari honi Joxe Mari Sorsek, Elkar Fundazioko lehendakariak, baina "oso hunkigarria da saria talde bezala jasotzea".
Sorsen ustetan, aipamen honekin "guk egin dugun elkarlana saritzen da", talde gisa aurrera eramandakoa, "inor goraipatu gabe". Izan ere, "momentu txarretan eta onetan, beti talde bezala funtzionatu dugu" eta eginiko "ekarpen xumeari aitortza bat da", adierazi duenez, "bai sortzaile, bai gaur eguneko eta bai etokizunean egongo den jendeari" egiten zaiona.
Sariak, gainera, taldearen 50.urteurrenarekin egiten du bat. "Etxeko lanak eginda harrapatu gaitu", dio Sorsek, jada egoitza berrian baitaude ezarrita, Adunan, eta "belaunaldi aldaketa" aurrera eraman baitute. Aipamen honek, "aurrera segitzeko hauspoa" ematen dio Elkar Taldeari, Fundazioko lehendakariaren ustetan, bere sorreratik egiten aritu dena gauzatzen jarraitzeko: "beti lan eta lan, euskal kulturaren alde"..