Bizkaia

Julen Urdaibaik emango die hasiera Bermeoko Andra Mari jaiei

Bermeoren izena “munduan zehar harrotasunez zabaltzeagatik” izan da Urdaibai aukeratuta
Abaroa alkatea, Julen Urdaibai eta Zumeta zinegotzia.

Azken urteetan distan-tzia luzeko frogetan munduan zehar –Kalahariko basamortuan, Amazonasen, Saharan, Ipar Poloan edota Alpeetan, etabar– ibili den Julen Urdaibai korrikalari bermeotarra igoko da aurten udaletxeko balkoira 2022ko Bermeoko Andra Mari eta Santa Eufemia jaiei hasiera emango dion pregoian parte hartzeko. Irailaren 7an izango da berau, iluntzean, Almikatik bajada egin ostean. “Kirolaren aurrean duen filosofia, aurten irabazitako Ice Ultra lasterketa eta Bermeoren izen ona munduan harrotasunez zabaltzea izan dira bera aukera-tzeko arrazoi nagusiak”, Kultura zinegotzi den Alazne Zumetak nabarmendu duenez. Irailaren 7an hasiko dira Goiko Plazan egingo den Xixiliren aurkezpenarekin eta alkateak egingo duen pregoiarekin, iluntze partean egingo diren ekitaldietan.

“Kirolean garrantzitsuena ez da irabaztea eta mezu hori aukera duen bakoitzean zabaltzen du Julenek. Garrantzitsuena da norberak duen guztia ematea eta esfortzu horrekin pozik egotea. Noski, irabazten bada poztasuna handiagoa izango da baina Julenek erakusten digu bidea bera dela garrantzitsuena eta ez azken emaitza. Aurten, gainera, Ice Ultra lasterketa irabazi bezain laster hori bera adierazi zuen eta Udal Gobernu honek mezu horrekin erabat egiten du bat”, gaineratu du Zumetak.

“Bizimodu osasungarria eta kirola sustatzen ditu Julenek eta hori oso positibo eta beharrezkoa da. Bermeoren izen ona munduko toki guztietara eramaten du, baita Zirkulu Polar Artikora ere, eta ez zaigu pertsona hoberik bururatzen aurtengo pregoian parte hartzeko”, bukatu du Kultura zinegotziak. Andra Mari ta Santa Eufemia jaiak irailaren 7tik 16ra ospatuko dira aurtengoan eta guztira 80tik gora ekimenez osatutako egitaraua osatu dute, adin eta gusto guztientzat eskuragarri.

Jai-Liburua

Bestalde, eta Bermeoko Udaleko bozeramaileek aurretutakoaren arabera, “irailaren 1etik aurrera jaietako liburua jarriko da salgai”. Liburuak 50 zentimoko prezioa izango du eta Gizarte eta Kultur Etxean eta Turismo Bulegoan eskuratu ahal izango da. Azkenik, “Andra Mari eta Santa Eufemia jaien programa, alkatearen agurra, jai-liburua bera eta intereseko informazioa bermeokojaiak.eus webgunean ere egongo dira ikusgai”. Bertan informazioa eguneratzen joango da eta programa bera PDF formatuan deskargatu ahal izango da.

02/09/2022