Buscar
Actualidad

Julene Urzelai: zaindu beharreko ondarea

Urkullu ekitaldian parte hartzen, Julene Urzelairen familiaren aurrean. | ARGAZKIA: EFE
Urkullu ekitaldian parte hartzen, Julene Urzelairen familiaren aurrean. | ARGAZKIA: EFE

Emakumeek Euskal Herriko historiari egindako “funtsezko eta ezinbesteko ekarpena” aitortu zien atzo Iñigo Urkullu lehendakariak.

Julene Urzelairen (Azkoitia 1912-Caracas 1983) eta “bere belaunaldiko emakume guztien” lana aintzatetsi zuen Urkulluk, Juleneren jaioterriko Udalak Emakume Abertzale Batzako (EAB) militante izandakoari eskainitako omenaldian. EABtik bideratu zen hein handi batean, joan den mendeko 20ko hamarkadatik aurrera, euskal emakume abertzaleen politikan parte hartzeko gogo eta grina.

Lehendakaria eta Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua izan ziren ekitaldian. Omenaldian, Lourdes Umerez artista azkoitiarrak egindako brontzezko bustoa inauguratu zuten, eta bertan izan ziren, besteak beste, ekintzailearen semea eta haren familia, Julenen erbesteratuta bizi izan zen Venezuelako hiriburutik propio etorrita.

“Julenek eta Emakume Abertzale Batzako emakumeek eraiki dute gure historia, eta gure herriaren zutabe sendoak dira”, esan zuen Eusko Jaurlaritzako buruak, eta berdintasunaren aldeko borrokan “egindako lana eta ekarpena sekula ezingo diegu behar beste eskertu” azpimarratu zuen. Lehendakariak gogora ekarri nahi izan zuen, Urzelaik eta bere garaiko emakume askok “ez zutela batere bizimodu erraza izan, gerra bidegabe eta krudelak euren ametsak errotik zapuztu, eta erbesterako bideari ekin behar izan ziotelako”.

“Ikaragarri zor diegu bera bezalako emakumeei”, berretsi zuen Urkulluk, “enbor horretatik beste emakumezko erreferente asko sortuko direla” nabarmenduz.

Behin omenezko eskultura inauguratu ondoren, Emakumeak Aberria Eginez. EAB 100 urte izeneko erakusketa ere zabaldu zuten. Bertan, EABk egindako lana erakusten duten hainbat material biltzen dira, eta datorren otsailaren 26ra arte bisitatu ahal izango da. l

2023-02-12T08:09:03+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo