Gasteizko Artium Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak Lagunartean programaren saio berezi bat antolatu du astelehen honetarako, otsailaren 24rako, Juncal Ballestin artista gasteiztararren dokumentu ondarea ardatz harturik, maiatzean hamar urte beteko baitira hil zenetik.
Museoko iturriek jakinarazi dutenez, topaketa 18:30ean hasiko da, eta Elena Roseras Artiumeko Dokumentazio Zentroko arduradunak eta Fernando Illana artista, komisario eta Juncal Ballestinen galeristak hartuko dute parte.
Juncal Ballestinek (Gasteiz, 1953-2015) material, bitarteko eta teknika ugari erabili zituen, hala nola margolaritza, marrazketa, instalazioa, bideoa edota obra grafikoa, guztiak sailetan egituratuta.
Ekoizpen horretako sorta nabarmen bat, behar bezala ordenatuta eta sailkatuta, Otazuko estudio-etxean gordetzen zen zirriborro, gutun, argazki, kartel, prentsa zati eta bestelako dokumentuekin batera.
2021ean, artistaren ondarearen oinordekoa den Anesvad Fundazioak 40 artelan baino gehiagoko funtsa eta arabar artistaren dokumentu multzo zabala eman zizkion Artiumi, eta bertako Dokumentazio Zentroa material horrekin lanean aritu da azken urteotan.
Gainera, topaketa aukera izango da Juncal Ballestín. Artxiboa aurkezteko ere. Argitalpen horretan Roserasek eta Illanak hartu dute parte, eta Artiumen Dokumentazio Zentroak artistaren artxibo pertsonalaren inguruan egin duen antolaketa, digitalizazio eta katalogazio lanaren emaitza da.
Topaketarako sarrera librea da, baina tokia mugatua, eta erreserba egitea gomendatzen da 945 20 90 20 telefonoan, museoaren webgunean edo leihatilan bertan.