Zarautzen hainbat eragile elkartu dira ostalaritzan euskararen erabilera bultzatzeko kanpaina berri bat abian jartzeko. Egitasmoa Zarauzko Udalak, Zirika euskara elkarteak, UEMAk, Euskaraldiko Batzordeak eta Zurekin ostalarien elkarteak sustatu dute.
Kanpainaren helburua euskararen erabilera sustatzea da, eta hasteko, ariketa kafearen bueltan egitea erabaki dute, hizkuntza ezagutza sakonik behar ez duelako. Horregatik, kanpainaren leloak argi uzten du mezua: “Saiatu. Erraza da. Ez dago euskaraz ondo jakin beharrik hasteko”.
Irune Urbietak (EAJ-PNV), Euskara zinegotziak azaldu duenez, kanpainaren helburua herritarren artean jarrera eta jokabide aldaketa eragitea da. Izan ere “euskaldunak euskara gehiago erabiltzera animatu nahi ditugu, eta euskara ez dakienak euskarara gerturatzeko bidea eskaintzea da gure helburua”.
Horretarako, euskaldunek bere hizkera egokitu, “mantsoago hitz egin eta errazago” komunikatzeko ahalegina egin beharko dute. Aldi berean, euskara ez dakitenek, “entzuteko eta ikasteko jarrera positiboa izan beharko dute”.
Horregatik, Euskara zinegotziaren esanetan “eskerrak eman nahi dizkiet ekimenean parte hartzera animatu diren establezimenduei eta bertako langileei, baita tabernetan euskaraz eskatzera animatzen diren bezeroei ere”.
Oinarrizko hiztegitxo bat prestatu dute akeitaren inguruan
Kanpainaren barruan, kafearen inguruko oinarrizko hiztegitxo bat prestatu dute, euskara ez dakiten ostalarientzat erabilgarria izan dadin. Hiztegi hau paperean zein euskarri digitalean lortu daiteke establezimenduetan. Horrez gain, Zirika euskara elkarteak bideo bat ere sortu du, zarauztarrak euskaraz eskatzera animatzeko.

Zarautzen euskeraren erabilera sustatzeko kafearen inguruko hiztegitxoa.
Taberna eta jatetxe askok eman dute izena kanpainan jada. Gainera, parte hartu nahi duten establezimendu berriek Euskara Zerbitzura idatzi edo bertaratu beharko dute materialak jasotzeko. Horretarako, euskaraz@zarautz.eus helbidera idatzi daiteke edo, bestela, Zarauzko udalara aurkeztu daitezke, Kale Nagusia 29, kalean.
Kanpaina berri hau Euskaraldiaren 4. ediziorako beroketa-ariketa ere izango da. Izan ere, aurtengo Euskaraldia maiatzaren 15etik 25era egingo da, eta ahobizi zein belarriprest rolak entrenatzeko aukera paregabea izango da.
Horregatik, eragile guztiek herritarrak eta zerbitzariak animatu nahi dituzte “irribarre batekin akeita euskaraz eskatzera eta zerbitzatzera. Zalantzarik gabe, zapore ona utziko digu aho eta ezpainetan”. Kanpainak ostalarien eta bezeroen arteko harremanetan euskararen presentzia handitzea du xede, eta helburu horrekin, ekintza errazak eta eskuragarriak proposatzen dira.
Era berean, ekimen berri hau ez da soilik taberna eta kafetegietara mugatzen, herriko hainbat establezimenduk bat egin baitezakete. Garrantzitsua da “guztiok elkarrekin lan egitea, euskarari ikusgarritasuna emanez eta egunero erabiltzeko ohitura sustatuz”. Horrela, euskararen erabilera ez da momentuko ekintza bat izango, baizik eta denboran iraungo duen aldaketa baten hasiera. Erronka txiki honek, denborarekin, euskararen presentzia areagotzea lortuko du. Kanpaina berri honen informazio gehiago lor daiteke Zarauzko Udalaren webgunean.