Aurreko edizioak izandako arrakasta kontuan izanda, martxan jarriko du Durangoko Udalak Tontolapiko Egunaren bigarren edizioa. Hala, apirilaren 7an, San Agustin Kulturguneak eta Ganso & Cia konpainiak umorez beteko dituzte udalerriko kaleak, eguerdiko 12.00etatik gaueko 22.00ak arte. Ekimen honen aurkezpena astearte honetan goizean egin da Durangon.
Hitzorduaren aurkezpenean, antolatzaileek azpimarratu dute Tontolapiko Egunak arrakasta handia izan zuela duela urtebete, pandemiak eragindako konplikazioen ondorioz Topaklown jaialdia bertan behera geratu ostean. Horregatik, “Durango Aste Santuan umorerik eta pailazokeriarik gabe geratuko ez dela” ziurtatu dute arduradunek. Horretarako, eta iazko bost ikuskizunetan ez bezala, aurten eskaintza handitu egingo da, adin guztietarako eta doan egingo diren zazpi ikuskizunekin. Horien artean, Los Galindos konpainia kataluniar mitikoak eskainiko duen ‘MDR' ikuskizuna nabarmentzen da.
Ikuskizun guztiak Aurora Abasolo parkean eta inguruetan ospatuko dira, doakoak izango dira eta publiko mota ezberdinei zuzenduta egongo dira. Antolatzaileen arabera, “Tontolapiko Eguna denok errugabe samarrak garela gogoratzeko jai egun bat izango da. Antzerki maratoi bat eskaini nahi dugu, eszenatoki baten gainean tuntunarena egiteko modu desberdin asko daudela ikusi eta gozatzeko. Gure gizatasuna agerian uzten duten pertsonaiak, gure alderik oinarrizkoena eta primarioena, norbaitek banana baten azalarekin irrist egiten ikustean barre egiten duen norbanako hori azaleratu nahi dugu”.
Gainera, nabarmendu dutenez,”eguneko txango bat egiteko plan atsegin bat eskaini nahi dugu, gure herrian egun polit eta dibertigarri bat igarotzeko. Formatu honekin bisitari bakoitzak bere esperientziaren intentsitatea planifikatu ahal izango du, ikuskizunak programatuta baitaude zazpi ikuskizunetara joan ahal izateko edo bakoitzari gehien interesatzen zaizkion formatuak hautatzeko”.
EGITARAUA
- 12:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara - Adrián Conde “La Petite Caravane” (Asturias) - 20 minutuko paseak.
1900. urte hasierako antzokietan girotuta, antzerki txiki honek askotariko emanaldiak har ditzake. Magia, txotxongiloak, antzerkia edo film laburrak... "La petite caravane" da antzokirik txikiena. Emanaldi bakoitzean 25 pertsonak baino ezin izango dute emanaldi bakar eta errepikaezin batez gozatu.
- 12:30 - Parena Konpainia “Siroko” (Nafarroa)
Klown eta bufoi estiloak nahasten dituen kaleko ikuskizuna, dibertitzeko gogoa duten publiko guztientzat. Diotenez, haize batek erotu egin zituen, eta horregatik deitzen diote SIROKO.
- 18:00 - La Nordika “Cándido” (Andalucía)
“Candido” zirku ipuin bat da. Candido protagonistaren samurtasunetik eta sinpletasunetik kontatutako istorioa. Zirku batean lan egiten duen pertsonaia bat, bere ikuspuntu berezitik, gauzen beste aldea erakusten diguna.
- 19:30 Tontolapiko Kabareta: Klown kabaretaren 3 pieza labur: Bea Egizabal (Gipuzkoa), Badut Taldea (Gipuzkoa) eta Noche dieguez (Aragón).
- 21:00 Los Galindos “MDR” (Katalunia). 12 urtetik gorakoentzat. Edukiera mugatua. Sarrerak Aurora Abasolo parkeko informazio standean egun berean 12:00etatik aurrera.
Los Galindos konpainia Zirkuko poetika eta imaginario fantastikoak inspiratuta sortu zen 1991n. Konpainiak Premi Nacional de Cultura 2016 saria jaso du, hogeita bost urteko ibilbidearekin, eta, 2021ean, MDRren eskutik, Premi de la Crítica a mejor espectáculo de circo, Premi Zirkólika Especial del Jurat eta Valladolideko TACen Publikoaren Saria jaso ditu.
Bidegabekeria suntsitzailearen sentimenduak eta desoreka global ikaragarriak jota, justiziaren arbitrariotasuna zalantzan jarri nahi dute, eszenako pertsonaia eta zirkuko biztanle gisa.
Gainera, animazioz, musikaz (The Farra Marching Band - Araba), foodtruckez (Kemekomo - Bizkaia) eta abarrez gozatu ahal izango da egunean zehar.